Datozen bi asteetan gutxienez, zenbait eragozpen eragingo dituzte Aginagako bi eremuetan saneamenduari lotuta egin asmo dituzten hirigintza lanek. Eliza Zaharretik Etxebesteko taberna tartea “partzialki itxita egongo da”, ohartarazi du Usurbilgo Udalak, “gauez pasatzeko aukera egongo den arren, kotxeak ezingo dira bertatik pasatu egunez, zanga bat ireki behar baitute”. Bestalde, Maioz inguruko aparkalekuan ere “zanga bat ireki behar dute. Kasu horretan, aparkalekua erabilgarri izango da, baina makinaria aurrera eta atzera ibiliko da bertatik”.
Txikierdi eta Zubieta arteko bideko sasitzaren garbiketa
Hilabetez etenda egon ostean, gizonezkoen eta emakumezkoen txirrindularien Itzuliak igaro direnean N634 errepideko hobekuntza lanei berrekin zieten iragan aste hasieran. Errei bat itxi dute berriz Troia eta Txikierdi artean. Semaforo bidez kudeatuko dute eremu hau, lanok amaitu artean. Lan hauei lotuta, Foru Aldundiak jakinarazi eta Udalak berri eman duenez, "N634 errepideko lanekin lotuta, Txikierdi eta Zubieta lotzen dituen bidean sasitza garbitzeko lanak egin behar dituzte: asteartean edo asteazkenean egingo dute. Haien esanetan, ibilgailuak pasatzeko tartea utziko dute".