40. Sagardo Eguna

Usurbil 1936 elkartearen zozketako zenbaki saritua

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 23a, 07:23

1.724 izan da Usurbilgo oroimen historikoa berreskuratzeko lanean diharduen elkarteak Sagardo Egunez zozketaturiko mariskadako zenbaki saritua.

40. Sagardo Egun jendetsuan, jai guneetako bat izan zen Mikel Laboa plazako karpagunea. Kontzertuak edota talogileak izan zituzten, baita oroimen historikorako txokoa ere, Usurbil 1936 elkartekoen eskutik. Azken urteotan egiten ari diren lanketa oparoaren erakusleihoa izateaz gain, eskuartean dituzten egitasmoekin aurrera jotzeko beharrezkoa duten laguntza biltzeko errifa zozketa antolatu zuten.

Mariskada bat jarri zuten jokoan, eta igande arratsaldean eginiko zozketan jakinarazi zuten zein zen zenbaki saritua; 1724 izan da.

Erakusleiho berria
Oroimen historikoa berreskuratzeren alde lanean diharduen Usurbil 1936 elkarteaz ari garenez lerrootan, bide batez, gogoan izan; orain arte egin duten lanketak erakusleiho birtuala du urte hasieratik; usurbil1936.eus ataria. Lekukotzak, dokumentazioa, identifikatu ahal izan dituzten gudari eta milizianoen zerrenda duzue ikusgai, hildakoena, zaurituena, fusilaturikoena, erbesteratuak, errepresaliatuak, emakumeek eta haurrek gerra garaian pairatutakoaren berri, garaiko kronikak... Eta gehiago. Gai honi buruzko informazio gehiago duenak ekarpena egitera ere animatzen du oroimen historikoaren alde lanean diharduen elkarteak. Horretarako, usurbil1936@gmail.com helbidera idatzi behar da.