Ekainaren 18an

3. Uxue Trail lasterketa solidarioan izen-emateak zabalik segitzen du

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 24a, 09:42

Ekainaren 18an egingo den elkartasun ekimen honetan parte hartzeko lau lasterketa modalitate iragarri ditu antolakuntzak. 

Ekainaren 18an izango da, aurten, igande goizez. Izena emateko epea zabalik dute interesdunek. Bi lasterketa izango dira aukeran, luzea edo motza. Paseoan parte hartzeko aukera ere egongo da. Lasterka ibili beharrik izan gabe, dortsal solidarioa ere eskuratu ahalko da, diru ekarpenaren truke.

Gogoan izan, Andatza inguratzen duen elkartasun ekimen honen bidez, herrikidea dugun Uxue Martinek duen Phelan-McDermid izeneko gaixotasun arraroa ezagutarazi nahi dute, sentsibilizatu eta eritasun honen ikerkuntza sustatzeko laguntza bildu. 


3. Uxue Trail mendi lasterketa solidarioa
Eguna: ekainak 18, igandea.
Ordua: 09:00.
Tokia: Usurbilgo frontoia.
Zehaztasunak: "Phelan-McDermid Sindromea, edo 22q13 kromosomaren gabetzea, gure herriko Uxue txikiak duen gaixotasun arraroa ezagutarazteko antolatu dugu Andatza mendian zehar ibiliko den mendi lasterketa hau. Gure helburu nagusia gaixotasun honen sentsibilizazioa da, baina sindromearen ikerketarako ere ahalik eta laguntza gehiena eman nahiko genuke. Hori dela eta, bai korrika bai dortsal solidarioaren bidez, ekitaldi honetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Opariak zozketatuko ditugu lasterketa amaitzean, parte-hartzaile guztien artean!".
Lasterketan parte hartzeko moduak: lasterketa luzea (20 km), motza (11,5 km), Uxue Paseoa (5,5 km) eta dortsal solidarioa.
Izen-ematea: ekainaren 16ko gaueko 22:00k arte kronoak.com atarian.
Informazio gehiago: 22q13.org.es