Txirikordako etxebizitzak esleitzeko zozketari lotutako zerrendak alegazio epean

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 24a, 11:03

Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez, ekainaren 2ra arte luzatuko da alegazioak aurkezteko epea.

Urrats berri bat Txirikordako etxebizitzak esleitzeko prozeduran. Iragan maiatzaren 18an egin zuten 18-30 urte arteko gazteei zuzenduriko zozketa; Gizarte Zerbitzuen baremazio bidez ere esleitu dira 65 urtetik gorakoei zuzenduriko bizilekuak. Erabaki guztiok, halere, behin-behinean hartutakoak dira.

Potxoenean egin zuten ekitaldian udal teknikariek aurreratu eta asteazken honetan Usurbilgo Udalak jakinarazi duen moduan, esleipenon zerrendak plazaratu eta alegazio epea zabalik izango da gaurtik ekainaren 2ra arte.

30 eskaera
Gogoan izan, hamasei dira eraikiak dauden pisuak; lau bi geletakoak dira, hamabi gela bakarrekoak. Belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioan zortzina bizileku bideratu asmo zituen Usurbilgo Udalak, 18-30 urte artekoentzat eta 65 urtetik gorakoentzat. Otsaila amaierara arte izandako izen-emateko tartean, guztira 30 eskaera jaso zituen Usurbilgo Udalak. Haietatik sei 65 urtetik gorakoenak izan ziren, bi baztertu zituzten eta lau onartu honenbestez. 18-30 urte artekoen kasuan, 24 eskaera jaso zituzten, bat baztertua izan zen eta beste batek uko egin dio bere eskabideari; beraz 22 dira onarturikoak.

Zenbakiok aintzakotzat hartuta, 65 urtetik gorakoentzako zortzi etxebizitzetatik lau bideratu dira. Udalak onarturiko araudiaren arabera, hiru utzi zitezkeen erreserban. Laugarren bat ere bazenez hutsik kolektibo honentzat, pisu hau gazteen kolektibora bideratzea erabaki dute. Beraz, zortzi ez, 18-30 urte artekoei zuzenduriko bederatzi etxebizitza esleitu zituzten zozketa bidez Udalak; bi geletako bi eta gela bakarreko zazpi. Gogoan izan, bost urterako esleitu dira 18-30 urte artekoen bizilekuok.  

Bizilagunen lanketa prozesua
65 urtetik gorakoenak, aurreikusi bezala Gizarte Zerbitzuetako baremazio bidez esleitu dituzte egunotan. Izena eman baina bizilekua egokitu ez zaienen itxarote-zerrenda ere osatu dute 18-30 urte artekoen kasuan. 65 urtetik gorakoenean, "itxarote zerrenda hutsik dago", Udalak berri eman duenez.

Iragan asteko zozketa bidez eginiko esleipenaren onarpena behin-behineko dekretu bidez kaleratu du Usurbilgo Udalak. Ekitaldian parte hartu duten udal teknikariek berri eman zuten moduan, alegazioak aurkezteko hamar eguneko epea zabaldu dute, ekainaren 2ra arte. Hortik behin betiko onarpena emango zaio esleipen honi.

Horrez gain, bizilekua egokitu zaienei baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko du Udalak eta denek Txirikordaren araudi eta funtzionamenduari lotutako lanketa prozesu batean parte hartu beharko dute. Ekainaren 8an egin asmo dute lehen saioa. Hilabete horretan halako hitzordu gehiago ere izango dituzte. Uda ostean, segida izango du irailetik aurrera urrira arte. Udalaren aurreikuspena, urte amaieran Txirikordak bizilagunak izatea da.