2023-24 ikasturtea

Lanbide Heziketa osoan aurrematrikulatzeko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 24a, 09:14

Atalluko Oinarrizko Lanbide Heziketan nahiz Zubietako erdi eta goi mailako zikloetan aurrematrikulatzeko ostiralera arteko, maiatzaren 26ra arteko tartea izango dute interesdunek.

Lanbide Eskola
Datorren 2023-24 ikasturterako, hain zuzen, zenbait espezializazio eta goi mailako hiru ziklo berri iragarri ditu. Zazpi "familia profesional" ezberdinetako trebatzeko aukera eskainiko ditu guztira: administraritza eta kudeaketa, elektrizitatea eta elektronika, energia eta ura, fabrikazio mekanikoa, instalakuntzak eta mantenua, ostalaritza eta informatika eta komunikazioa.

Erdi mailako zikloei dagokienean, Administrazio Kudeaketa, instalazio elektrikoak eta automatikoak, hozteko eta girotzeko instalakuntzak, Beroa Sortzeko Instalazioak eta mekanizazioa. Goi mailako hauek baita: Administrazioa eta Finantzak, Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa, Automatizazio eta Robotika Industriala, Energia Berriztagarriak, Fluido Instalakuntzen eta Instalakuntza Termikoen Mantenua, Energia Eraginkortasuna eta Eguzki Energia Termikoa. Eta hauekin batera, beste hiru berri; Plataforma Anitzetako Aplikazioak Garatzea, Web Aplikazioen Garapena eta Jatetxe Arloko Zerbitzuen Zuzendaritza.

Ziklo hauekin batera, zenbait alorretan espezializatzeko aukera eskaintzen du Usurbilgo Lanbide Eskolak; Industria-Mantentzearen Digitalizazioan. Modalitate honetan beste bi espezializazio berri iragarri ditu; Auditoretza Energetikoa eta Interneti Lotutako Sistemak Instalatzea eta Mantentzea.

Aurrematrikulazio epea:
-Presentzialki ikastetxean:
Hitzordua eskatu 943 364 600 telefono zenbakian, ordutegi honetan: 8:30-17:00 (astelehenetik ostegunera) / 8:30-14:30 (ostiraletan).
-Online helbide honetan: ikasgunea.euskadi.eus

Informazio gehiagorako:
lhusurbil.eus
Etarte bidea, 9
943 364 600
orientazioa@lhusurbil.eus


Oinarrizko Lanbide Heziketa
Bi espezialitateetan, ile-apainketa eta estetika eta sukaldaritza eta jatetxea arloetan trebatzeko aukera dago. Bi ikasturtez osatua dago hezkuntza eskaintza, 2.000 orduko ikasketa prozesua guztira (990 ordu lehen ikasturtean, 1.010 ordu bigarrenean). 15-17 urte arteko gazteak matrikulatu daitezke Oinarrizko Lanbide Heziketan, “salbuespenez, DBH2 egina dutenak”. Zubi aproposa, lan munduratu nahi izan edota gerora erdi mailako ikasketetan murgildu nahi dutenentzat. Atalluko ikastetxeko lan metodologia zerbait esatekotan, “oso praktikoa” dela nabarmendu behar da. “Tailerrean praktika eginez lanbidea ikasten da (egunean lau ordu). Beharrezkoa den teoria soilik lantzen da eta lanbidearekin zer ikusi zuzena duten edukiak irakasten saiatzen gara (egunean bi ordu)”. Lehen ikasturtean esaterako, oinarrizko heziketarekin batera, lanbide modulu praktikoak eskaintzen dituzte, baita tutoretza eta orientabide zerbitzua ere. Bigarrenean, baita formazio eta lan orientabidea eta 260 orduko iraupena duten praktikak enpresetan. Bi urteko ikasketak amaituta, Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua, DBH graduatua, edozein ziklo eta espezialitateko erdi mailako ikasketarako sarbide zuzena edota lan munduratzea eskuratzen da. “1 profesionaltasun ziurtagiria”.

Tarte ezin garrantzitsuagoa du Oinarrizko Lanbide Heziketak egungo hezkuntza eskaintza zabalean. Atalluko ikastetxearen txikitasunak talde txikietan lan egitea ahalbidetzen die. “Ikasleen atentzio indibidualizatua ziurtatuta dago”. Ikasle bakoitzak jorratu nahi duen bidea lantzen laguntzen dute; “ikasle bakoitzari helburu pertsonalak jarri, jarraipena egin eta ebaluatzen zaie”. Ikaslea, hezkuntza prozesuko protagonista Oinarrizko Lanbide Heziketan ikasten ari den “gaztea erdigunean jartzen dugu eta ahalduntzen saiatzen gara”. Enfoke sistemikotik jarduten dute, familiarekin hartueman estuan. “Ikaslea hezkuntza prozesuaren protagonista da. Gaztearengan sinesten dugu eta gazte bakoitzaren ahalbide eta gaitasun positiboak lantzen ditugu”, OLH-tik azaldu dutenez.

Informazio gehiagorako:
943 360 465
olh.usurbil.eus
Atallu. Zanpiura, 3