#M28

EHBildu: “Maite dugun Usurbil, elkarrekin eraikitzeko proposamena da geurea”

Erredakzioa 2023ko mai. 25a, 16:38

Udal hauteskundeen azken txanpan sartu gara eta honakoan alderdien hautes-programetan erreparatu nahi izan dugu. Usurbilgo udaletxera aurkeztu diren lau alderdien egitasmo nagusiak batu ditugu. Hauek dira EHBilduk sustatuko dituen proposamenak.

Zeintzuk izango dira zuen hautes-programaren ildo nagusiak?

Agurtzane Solaberrieta: Itzelak dira XXI. mendeko gizarte honek aurrean dituen erronkak. Hamarraldi erabakigarrian gaude gizateriaren historiari dagokionez, eta aurreikuspenen arabera, honako joera hauek larriagotu egingo dira: krisi energetikoa, migrazioen areagotzea, populazioaren zahartzea, gizarte dualizazioa, globalizazio digitala edota landa eremuaren despopulazioa. Horregatik, datorren munduaz jabetzeko, inportantea da begirada altxatzea eta geure buruak garai historiko honi aurre egiteko prestatzea. Horretan ari gara Usurbilen, eta komunitategintzan sakonduz, erronka horiei aurre egiteko 90 proposamen biltzen ditu gure herri programak. Gauzak beste era batean egin daitezkeela erakusketan duen herrirantz goaz, elkarrekin eta elkarrentzat, Usurbil duinagoa, kohesionatuagoa eta bizigarriagoa eraiki nahian. Maite dugun Usurbil, elkarrekin eraikitzeko proposamena da geurea.

EHBildu: “Ezinbestekoa da pertsona guztiek bizitza duin eta justuago bat garatzeko oinarrizko beharrizanak bermatuta izatea”

Usurbil justuagoa, berdinzaleagoa eta bateratuagoa izateko politikak indartzera goaz. Usurbil berdinzalea eta haustura sozialik gabekoa ortzimugan, ezinbestekoa da pertsona guztiek bizitza duin eta justuago bat garatzeko oinarrizko beharrizanak bermatuta izatea. Norabide horretan ondutako politika publikoak indartzera goaz. Honatx ildo honetan garatuko ditugun proiektuetako batzuk:

  • Laster zabalduko ditu ateak Emakumeen Etxeak, eta emakumeei zuzendutako harrera eta zerbitzuak nabarmen hobetuko ditugu: indarkeria matxistari modu integralean aurre egiteko plana osatuko dugu, eta aholkularitza juridiko eta psikosoziala eskaini.
  • Usurbil harrera herri bihur dadin, hilabeteotan osatu dugun Harrera Protokoloa martxan jarriko dugu. Helburu da gure herrira bizitzera datozen herritar guztiei ahalik eta harrerarik onena ematea.
  • Etxebizitza duin eta egokia izatea bizitza proiektu baterako ezinbesteko baldintza da. Eskubide gisa ulertzen dugu etxebizitza, eta, bere funtzio soziala bete dezan, ezin da egon merkatuaren apeten menpe. Udalok etxebizitzen alorrean ditugun eskumenak eta baliabideak urriak izan arren, alokairua sustatzeko hainbat neurri hartuko ditugu: hutsik dauden etxebizitzen gaineko diagnostikoa egin eta horiek merkaturatzeko ekintza plana osatu eta martxan jarriko dugu. Egun, Usurbilen 105 etxe huts inguru daude: OHZ udal zergari gainkostua ezartzen zaien etxe kopurua da, hots, etxebizitzen %4 inguru.

 

Herri jasangarriagoa eta bizigarriagoa izan nahi dugu, ingurumenaren zaintza lehenetsiko duena. Erronka ekosoziala gure agendaren lehen lerroan dugu, eta ekimen ugari jaso ditugu larrialdi klimatikoari aurre egin eta trantsizio energetikoaren bidea egiten jarraitzeko. Guk argi dugu: trantsizioak iraunkorra, berriztagarria, justua eta inklusiboa izan behar du, inor atzean utziko ez duena.

  • Gure helburua da 2030erako %35 gutxitzea energia kontsumoa. 2022az gerotik udala kontsumitzen duen energiaren jarraipena egiten ari da, eta kontsumoa murrizteko neurriak hartzen ari gara, besteak beste, energetikoki efizienteagoak den argiteria, egungo ibilgailuak ordezkatzeko inbertsio plana badugu, beroketa sistemak berrikusten eta horiek ordezkatzeko plana idatziko da, eta autokontsumoaren bidean urrats gehiago emango ditugu. Horrez gain, herrian sortzen ari den energia komunitatearen bidelagun izaten jarraituko dugu.
  • Usurbil 0.0 hondakinen prebentzio eta kudeaketa programaren ebaluazioa egingo da, helburuak eta ekintza plana eguneratzearekin batera, modu kolektiboan.
  • Aginagako saneamendua (bi milioi euroko inbertsioa) gauzatuko da, faseka, Oria ibaiko ur zikinen isuriekin behin-betikoz amaitzeko.
  • Basogintza ekologikoa sustatzeko estrategia osatuko da, baso erabilera egoki eta dibertsifikatuan urratsak emateko.
  • Mugikortasunaren alorrean: Zubieta eta Santuenea arteko bidegorria; Etxealdia eta kale nagusia lotuko dituen igogailua, eta Usurbilgo herrigune osorako exekuzio proiektu integrala bat idatziko dugu, faseka gauzatzeko.
  • Auzo guztietarako jasotzen ditu gure herri programak proposamenak. Santuenea modu integralean eraberritu nahi duen plana gauzatzen hasiko gara, eta lehentasun gisa jarri dugu auzoko sarrera eta aparkalekuak berrantolatzea eta auzoaren irisgarritasuna bermatzea.

 

Kultura, euskara eta herri-identitatea, tokiko ekonomiaren motor. Ekonomia lokalari bultzada eman nahi diogu "650 Usurbil Bizi" herri proiektuaren bidez. Turismo eredu berritzailea oinarri hartuta, plan eta eskaintza oso bat ari gara garatzen, gure herri identitatean, baloreetan, ondarean eta martxan ditugun proiektu eraldatzaileetan euskarrituta. Datorren legealdia giltzarria izango da plan honen lur hartzean eta garapenean. Nabarmentzekoak dira honako bi proiektu hauek: Ez dok Amairu parkea gauzatuko da eta Errioaren Usurbil eskaintza aktibatzeko, ekintza-plan bat osatuko da modu komunitarioan, Albaolaren laguntzarekin. Horrezaz gain, kulturaren alorrean, berriki herriko hiru eragilek (Aztarrika Gazte Asanbladak, Kulturguneak eta Ziortzak) aurkeztu duten Elkargunea gauzatzeko urratsak egingo ditugu.

Elkar zaintzen duen herria. Bizpahiru urte eman ditugu gogoeta kolektibo betean, pertsonak erdigunean jarriko dituen bestelako zaintza eredu bat eta horren jira-biran eraiki beharreko zaintza ekosistema komunitario bat eraikitzeko. Helburua argia da: zaintzen duen herria izatea eta zahartzaro duina bermatzea usurbildarrei, euren herrian bertan. Horretarako, pertsona bakoitzarentzat egokitutako ibilbide osoak eta pertsonalizatuak marraztea da xedea, hots, pertsona bat, zaintza plan bat.

Gobernantza demokratikoan sakondu. Zer egin nahi den bezain inportantea da nola egin. Horregatik, erronka horiei erantzuteko, ezinbestekoa da udalerriaren etorkizuna komunitatean eraikitzea, eta izaera ezberdineko eragileen arteko elkarlanerako guneak eratzea. Parte-hartze prozesu zabala jarriko dugu martxan, garai berrietara egokitutako udal antolaketa eta gobernantza gorpuzteko.

Euskalherrigintza: Etorkizuneko Euskal Herria independente, bizi, euskaldun eta berdinzalea zerumugan, behetik gora, Usurbildik ere ari gara gure nazioa eraikitzen, euskalherringintzan eta euskaratik ari gara, eraikuntza komunitarioaren indarrez.

 

Udal zerrenda

EH Bildu

1. Agurtzane Solaberrieta Mesa.

2. Jon Mikel Azpiazu Zubeldia.

3. Ainhoa Arrozpide Landa.

4. Xabat Beloki Segurola.

5. Iratxe Begiristain Otegi.

6. Xabier Aranburu Leiva.

7. Jose Maria Lizaso Azconobieta.

8. Oskar Santamaria Picabea.

9. Maialen Iñarra Arregi.

10 Lur Etxeberria Gurrutxaga.

11. Alazne Arruti Bengoetxea.

12. Jose Martin Leoz Leoz.

13. Miren Josune Iparragirre Tolaretxipi.

 

Ordezkoak:

1. Moraysys Silva Rodriguez.

2. Gema Sueskun Urritza.

3. Amets Aburruza Segurola.

 

Foru hauteskundeetarako zerrenda

EH Bildu

1. Maddalen Iriarte Okiñena.

2. Luix Barinagarrementeria Olaizola.

3. Eneritz Otamendi Goñi.

4. Joxe Mari Carrere Zabala.

5. Nora Garcia Zaldua.

6. Jon Martin Tejeria.

7. Estibaliz Aldeiturriaga Amuriza.

8. Beñat Larrañaga Urdampilleta.

9. Uxue Loinaz Urruzola.

10. Joanes Garcia Mezquita.

11. Garazi Castaño Fariñas.

12. Kattalin Artola Vazquez.

13. Ione Olatziregi Mendiorotz.

14. Diego Barrado Sanchez.

15. Itsaso Lekuona Legorburu.

16. Unai Ribera Martinez.

17. Maria Irigoien Matxiarena.

 

Ordezkoak:

1. Ainhoa Erkizia Escolano.

2. Haizea Añorga Irigoyen.

3. Itziar Artola Bedia.

 

Oharra: Akats bat medio, EHBilduk ez zuen hautes-programaren inguruko balorazio osoa bidali, zati bat baizik. Hortaz, aste honetako aldizkarian bere programari buruzko azalpen labur bat eman da argitara. Bertsio osoa duzue honakoa.