#M28

EAJ-PNV: “Usurbildarrentzat aukera berriak emateko konpromiso osoa daukagu”

Erredakzioa 2023ko mai. 25a, 16:27

EAJ-PNVren hautes-zerrendako kideek aditzera eman digutenez, "usurbildarrentzat aukera berriak emateko konpromiso osoa daukagu. Seriotasunez, anbizioz, eta ilusioz herriari, etorkizunera begira, ziurtasunak emateko erantzukizuna hartzen dugu". Datozen lau urteei begira, 20 egitasmo zerrendatu dituzte.

Zeintzuk izango dira zuen hautes-programaren ildo nagusiak?

Xabier Otxoa: Aurrerantzean bidelagun izango duzuen gizon-emakume taldea usurbildar guztien ongizatearen eta bizi kalitatearen alde lan egiteko helburuarekin burutu dugu.

Hartzen den erabaki orok, gutxienez, ondorio bat dauka eta hau da unea erabaki berriak hartzeko. Taldean, usurbildarrentzat aukera berriak emateko konpromiso osoa daukagu, seriotasunez, anbizioz, eta ilusioz herriari, etorkizunera begira, ziurtasunak emateko erantzukizuna hartzen dugu.

Usurbil bizitzeko herri eder, eroso eta lasaia da, oso ongi bizi gara, baina zergatik uko egin bistakoa den hobekuntza bati? Hobetzeko marjina oso handia da oraindik eta gure taldea prest dago erronka horri aurre egiteko.

EAJ-PNV

“Usurbil bizitzeko herri eder, eroso eta lasaia da. Hobetzeko marjina oso handia da oraindik eta gure taldea prest dago erronka horri aurre egiteko”

1- Aritzetatik sarrera-irteera berria Usurbilentzat.

Usurbilek egun daukan sarrera-irteera onartu ezina da, Usurbileko bizilagunentzat bide irisgarri eta seguruago bat behar da, mugikortasuna erraztuko duena. Horregatik, herriguneko iparraldetik, Kalezarretik, Aritzetako zerbitzugune eremura bide berri baten eraikuntza landuko dugu.

 

2- N-634 errepideko sarrerak hobetu.

Gipuzkoako Foru Aldundiko sail ezberdinekin lan egingo dugu, egun N-634 errepidean dauden Usurbileko sarrerei behin betiko soluzioa emateko.

 

3- Lasarte-Oria eta Usurbil lotuko dituen bidegorria.

Atallu industrialdera eta Lasarte-Oriarako bidegorria errealitate bihurtzeko ardura hartzen dugu. Horretarako Foru Aldundiarekin batera lanketak hasiko ditugu egon daitezkeen arazo teknikoei konponbide bat bilatzeko.

 

4- Zabor bilketa sistema aldatzea.

Egun dagoen atez ateko zabor bilketa sistema kendu eta txartelezko edukiontzi bidezko zabor bilketa jarriko dugu. Ekonomikoki eta ingurumen ikuspuntutik jasangarriagoa eta garbiagoa da, birziklatze-tasa antzekoak mantenduz. Gainera, herritarrok zaborra nahi dutenean botatzeko askatasuna izango dugu.

 

5- Zahartze eta zaintza politika aktiboak.

Usurbildarrak etxean ezin badira egon, etxean bezala sentiarazteko, bakarrik ez daudela sentitzeko, aktibo mantentzeko politikak bultzatuko ditugu. Adineko pertsonak aktibo mantenduko ditugu, ez bakarrik fisikoki, mentalki ere bai.

 

6- Etxealdia eta Txaramunto elkartzeko errepidea.

Gertu dauden Etxealdia eta Txaramuntoko auzoak elkartuko dituen errepide berri bat egitea proposatzen dugu, bi auzoen arteko lotura baimenduz.

 

7- Eskubaloirako kantxa estali berri bat.

Eskubaloian jokatzeko kantxa estali berri bat, egun kirol etxe ondoan dagoen kantxaren zati bat aprobetxatuta. Modu honetan, hainbat taldek batera entrenatu eta jokatu ahal izango dute.

 

8- Gimnasio aretoan berrikuntza integrala.

Egungo gimnasioaren beharrak aztertu eta horren baitan diseinua egokitu, baita dauden makina motak ere, makina ergonomikoak eta seguruagoak jarriz, hau da, berrikuntza integral bat.

 

9- Zubietako bidea zabaldu, segurtasuna bermatzeko.

Zubietako bidea oso erabilia da auzotarrengandik baina baita usurbildarrengandik ere aisialdirako. Ingurune eder honetaz modu eroso eta seguru batean disfrutatu ahal izateko errepidea zabaltzea bultzatuko dugu.

 

10- Lurzoru urbanizagarriak handitu.

Kalezar, Zubieta, Santuenea, San Esteban, Txokoalde, Aginaga eta Kaxkoan lurzoru urbanizagarriak handituko ditugu herriko bizitza eta herriko zerbitzuak bermatzeko. Etorkizun batean gazteek eta ondorengo seme-alabek Usurbilen bizitzeko aukera eduki dezaten etxebizitza gehiago eraikitzeko lurzoruak behar dira.

 

11- Ur bizien kanala sustatuko dugu Oria ibaian.

Oria ibaian ur bizien kanala sustatuko dugu Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Proiektu hau estrategikoa da eta bi instituzio hauek egindako apustuari gure babesa emango diogu, Usurbilek dituen baliabideak aprobetxatu eta herritarrentzako onurak ekarriko dituelako.

 

12- Udal tramiteak erraztu, jarduera ekonomikoa indartzeko.

Jarduera ekonomikorako, merkataritzarako, eta orohar, herritarrak udal administrazioarekin egin beharreko tramiteak erraztu eta azkartuko ditugu. Dauden lokal hutsei irtenbidea bilatzeko Eusko Jaurlaritzarekin batera legeak berraztertzeko lan egingo dugu.

 

13- Lehen sektorearen sustapenerako ekimenak bultzatu.

Lehen sektorearen sustapen eta dinamizazio ekimenak burutuko ditugu. Digitalizazio eta salerosketa modu berriak ezartzen lagunduko dugu bezeroarengana hobeto iristeko. Dauden teknologia berrien erabilera bultzatuko dugu egungo merkatuan lehiakorrak izaten jarraitu ahal izateko.

 

14- Izaera teknologikoko jarduerak Luzuriaga parean.

Luzuriaga parean, N-634 eta GI-11 errepideen arteko gunean industria jarduerak sustatuko ditugu, izaera teknologiko eta balio erantsiko aukerak erakarriz. Kokapen egokia eta aukera handiko eremua da, Usurbilen aurrekontuetan diru sarrera igoera nabarmena ekarriko duena.

 

15- Ekintzailetza sustatu.

Ekintzailetza sustatzeko aholkularitza eskainiko dugu, Usurbileko balio erantsia bertan geratu dadin.

 

16- Aparkaleku gehiago.

Nabarmena da herrigunean dagoen aparkaleku beharra. Beraz, dauden beharrak aztertu eta aparkaleku gehiago jarriko ditugu, betiere oinezkoen irisgarritasuna bermatuz.

 

17- Auzoen eta herrigunearen autobus zerbitzu osagarria.

Herri barneko garraio zerbitzu osagarria ezartzea, batez ere hirigunean egiten diren kirol-, hezkuntza-, kultura- eta osasun-jarduerekin lotuta.

 

18- Aginaga eta Txokoalde auzoak biziberritzeko bertako pertsonekin azterlana.

Tokiko errealitatetik (pertsonak eta enpresak) hazkunde autoktono eta jasangarrirako aukerak sortzeko azterlana egingo dugu, dimentsio anitzeko ikuspegi batetik.

 

19- Drogak. Kale hezitzaileak.

Substantziadun mendekotasuna nahiz substantzia gabeko adikzioa prebenitzeko programa garatuko dugu. Programa horren barruan, besteak beste, kale hezitzailearen figura jarriko dugu, figura hau 18 urte baino gazteagoak diren gazteei zuzendua egongo da.

 

20- 18-25 urte bitarteko gazteentzat garraio publikorako dirulaguntzak.

18-25 urte bitarteko gazteentzat garraio publikorako dirulaguntzak eman eta zerbitzu hauen frekuentzia handitzeko Foru Aldundiarekin lan egin. Neurri honekin usurbildarrak ikasten dabiltzan bitartean Usurbilen bizitzen jarraitzeko erraztasunak eman nahi ditugu.

 

Udal zerrenda

EAJ-PNV

1. Xabier Otxoa Muñoz.

2. Ivan Iriondo Axpe.

3. Josune Urkola Larrarte.

4. Andoni Atxega San Sebastian.

5. Mirari Azurmendi Sorazu.

6. Agurtzane Egibar Artola.

7. Carlos Perez Fraisoli.

8. Mari Jose Ibargoyen Lizarazu.

9. Alejandra Arrieta Varela.

10. Juan Mari Zubeldia Arrieta.

11. Julian Beraetxe Aranburu.

12. Lourdes Jauregiberri Goenaga.

13. Jose Mari Zubiria Eguzkiza.

 

Ordezkoak:

Jose Mari Olaizola Orbegozo.

 

Foru hauteskundeetarako zerrenda

EAJ-PNV

1. Xabier Ezeizabarrena Saenz.

2. Saioa Bandres Moneo.

3. Ianko Gamboa Sanz.

4. Aitziber San Roman Abete.

5. Markel Aranburu Bartau.

6. Nerea Landaluze Gorostiaga.

7. Xabier Otxoa Muñoz.

8. David Rosco Jorge.

9. Zorione Etxezarraga Ortuondo.

10. Eñaut Aranbarri Esnaola.

11. Aitana Aguirre Loyarte.

12. Amaia Vaquero Montero.

13. Mikel Etxebeste Iraeta.

14. Mertxe Garmendia Bereziartu.

15. Manex Aldalur Beldarrain.

16. Itziar Gastamintza Arantzadi.

17. Ainhoa Alkain Aiestaran.

 

Ordezkoak:

1. Jokin Garate Pujol.

2. Iñaki Goiria Etxebarria.

3. Koro Garmendia Galbete.