Kantua, bakarrizketak, haurren txokoa eta bisita gidatuak, asteburuko kultur agendan

Hauteskundeen asteburu honetan ere kultur ekintzarik ez dugu faltako herrian. Adi, larunbatean izango diren hitzordu hauei guztiei.

Kantu-jira
Udako etenaldia ate joka duten honetan, hileroko ohitura berrituko dute larunbat honetan Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko kideek. Kantu-jira hilaren 27an, eguerdiko 12:00etan hasita, Mikel Laboa plazatik abiatuta. Ez ahaztu kantu-liburuxka eramatea. Bide batez, gogoan izan; astelehenero biltzen dira Kantu Taldekoak Udarregi ikastolako LH-ko eraikineko musika gelan.

"Usurbil Museo Irekia" bisita gidatua
Gida baten laguntzaz, herriko kaleetan ditugun kultur altxorrak ezagutzeko aukera asteburu honetan; larunbat eta igande eguerdiko 12:00etan Sutegitik abiatuta. Ordubeteko bisita hauetan parte hartzeko izena aurrez bideratu beharko da 3 euroren truke (18 urtetik beherakoek doan), 650usurbilbizi.eus atarian. Webgune berean jaso ahalko dira xehetasun gehiago. Ekainaren 25era arte, larunbat eta igande eguerdiro egingo dira bisita gidatuok.

Bakarrizketa gaua Aginagan
“Irribarrea barra-barra” bakarrizketa gaua antolatu du Aginagako Eliza Zaharra Elkarguneak, larunbaterako, maiatzak 27, gaueko 22:00etan. "Mirari Martiarenak, Idoia Torregaraik,  Beatriz Egizabalek eta Iker Plazaolak monologo gaua eskainiko dute Aginagako Eliza Zaharrean". Sarrerak aurrez eskuratu ahalko dira 6 eurotan, usurbilkultura.eus plataforman edo Arrate tabernan.

Perli eta Koxkoloren “abentura zirraragarria”
Bakarrizketa gauaren aurretik, maiatzaren 27an 17:00etan hasita Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean. “Ikuskizun berri honetan, Perlik eta Koxkolok bidaia zoragarria biziko dute munduko hainbat uharte zeharkatuz. Istorio eta abentura liburuei omenaldia: Verne, Stevenson, Defoe... Abenturaz betetako ipuin musikatu dibertigarria, elkar hobeto ezagutzen eta gehiago maitatzen ikasteko. Haurren irudimena piztuko dugu eta familia giroan primeran pasako dugu”. Antxomolantxa elkarteak antolatutako 4-7 urte arteko haurrei zuzenduriko emanaldiko sarrera doakoa izango da.