Sarek deitutako elkarretaratzea gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 26a, 07:03

Euskal presoen etxeratzea galdegiteko mobilizazioa gaur hilero moduan Sarek deituta.

Hilero azken ostiraletan egiten duten moduan, Sarek deitutako elkarretaratzea gaur, maiatzak 26, arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. Apirileko mobilizazioan tartea egin zioten hitzordu hartan, Aitor eta Galder gazte arabarren egoeraren berri eman zuen baita Usurbilgo Ernaik. Egun haietan ohartarazi zuten moduan, "Aitor eta Galder edozein momentutan espetxeratuak izan daitezke apirilaren 26tik aurrera".

Lau urteko espetxealdia
Espetxeratzeko agindua azken orduotan jakinarazi zaiela berri eman du bart, bi gazteon asktaasuna eskatzeko lanean diharduen Ankerkeriari Stop plataformak. "Iritsi da Aitor eta Galderren aurkako epaia: lau urteko espetxe zigorra bakoitzari". Xeheago azaldu dutenez, "bost urteko ibilbide judizialaren ostean, Espainiako Auzitegi Gorenak lau urteko espetxe zigorra berretsi die Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrei. Espainiar justiziak, Ertzaintzak sukaldatutako prozesu honi espero genezakeen amaiera eman dio. Beste behin ere, euskal jendarteari ulergaitza egiten zaion guda eta errepresio politikari eutsi diote". Testuinguru honetan, mobilizatzeko deia egin dute. "Traba eta oztopoen gainetik, Euskal Herriak aurrera egin behar du. Ankerkeria honi aurre egiteko indarrak biltzera eta datorren astean iragarriko ditugun deialdietara adi egoteko deia egiten dugu".

Bost urteko ibilbide judizial horretan hainbat uneetan galdegin dute gazteon absoluzioa, baita Usurbilen egin diren mobilizazioetan ere.