Azken osoko bilkura

"Jarrai dezagun oraina eta etorkizuna elkarrekin eraikitzen"

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 26a, 10:01

Akabo, amaitu da 2019-27 legealdia. Lau urteotako azken osoko bilkura egin dute ostegun honetan. Bukaeran, alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak hitz batzuk egin nahi izan dizkie talde kide izan dituenei, oposizioko taldeei, udal langileei nahiz herritarrei, hein handi batean eskerrak helarazteko. "Jarrai dezagun oraina eta etorkizuna elkarrekin eraikitzen". Hortxe datorrenari begira egin duen deialdia.

Alkatearen legealdi amaierako azken hitzak
Legealdi honek berea egin du. Igandeko udal hauteskundeen ondotik, udalbatza berria eratuko da; batzuk badoaz, eta beste batzuk etorri; horregatik, legealdi honetako azken ohiko osoko bilkura izanik, hitz batzuk zuzendu nahiko nizkizueke. 

Lau urte igaro dira 2019ko ekainean kargua hartu genuenetik. Atzera begira jarrita, esango nuke azkar eta bizi joan dela lau urteko epealdia; eta, batez ere, intentsitate handiz joan dela. Legealdi guztietan izaten da zerbait nabarmentzen dena: geurean, pandemia bat eta gerra bat, alajaina! Erraz esaten da. 

Ezin konta ahala ezuste eta gertakari, beraz, eta ezin konta ahala beste hamaika pasadizo, estualdi, une txar, on, gozo eta gazi bizitutakoak. Nire onena ematen saiatu banaiz ere, ondotxo dakit beti ez dudala asmatu, eta arantza horiek nirekin daramatzat.

Azken minutu hauek baliatu nahi ditut eskerrak emateko:

Lehen eskertza, taldeari: zortekoa izan naiz bizi-esperientzia hau zuekin partekatu ahal izan dudalako. Pertsona apartak, langile finak eta saiatuak, eta, batez ere, konprometituak zarete. Talde izan gara, eta, batez ere, lagun kuadrila. Halako ardurei ekiteko eta aurre egiteko, ezinbestekoa da talde baten parte sentitzea, talde baten konfiantza, babesa eta anparoa izatea, eta halaxe sentitu ditut. Zinez erosoa, erraza eta aberasgarria izan da zuekin lan egitea. Betirako eramango zaituztet bihotzean!

Oposizioari: aurrez esan dut arantza batzuk utzi dizkidala legealdi honek, nagusiki, inoiz bizi izan ditugun une mingarri eta mikatzek. Gehiegitan nabarmentzen dira gorrotoak eta haserreak  politikagintzan, eta nik uste, ezberdintasun eta kritika politikoen gainetik, bestelako emozio eta balio batzuk gailendu beharko liratekeela: enpatia, gizatasuna eta errespetua. Jarrai dezagun guztion artean zimendu horiek eraikitzen. Adostasun garrantzitsuak lortu ditugu, eta horiek nabarmendu nahiko nituzke gaur, ororen gainetik. Horregatik, nola ez, zuentzat ere nire esker hitzak, Usurbil hobeago baten zerbitzura lanean aritzeagatik.

Udal langileei: zaila dena erraztu digute, eta nabarmendu nahi dut haien lana, dedikazioa, inplikazioa eta konpromisoa Usurbilekiko eta usurbildarrekiko. Zortekoak gara usurbildarrok halako langile fin, prestuak eta gaituak izateagatik, bokazio publikoa ondo baino hobeto barneratuta dute, eta horrek aparteko balioa du. Eta altxor hori zaintzen saiatuko gara. Gaizki esanak barkatu eta ondo esanak kontuan hartu, dio esaera zaharrak. Hori zuretzat da, Garazi. Idazkari handi bat galduko du epe motzean udalak; ordezkaezina izango zara. 

Eta, azkenik, usurbildarrei: duela lau urte emandako babesa eta konfiantza, gure eguneroko lan eta izerdiarekin, gure hanka-sartze eta aziertoekin, itzultzen saiatu gara. Eskua luzatu genuen herrigintzan aritzeko, eta horretarako gogoa eta prestutasuna sentitu eta bizitu ditugu, eskuz esku eta elkarlanean aritu gara hamaika proiektutan. Ehun komunitario sendoa du gure herriak, herrigintza sen itzela, eta, batez ere, herritar konprometituak. Horiexek dira gure herriaren balio erantsiak; aktiborik garrantzitsuenak. Jarrai dezagun oraina eta etorkizuna elkarrekin eraikitzen.  

Akabo, beraz. Batzuk bazoazte, eta besteak etorriko. Zorte on denoi, bizi on, eta segi bizkor!