Azken osoko bilkura

Hitzarmen bidezko konponbidea Txirikordaren azken faserako

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 31a, 11:28

Txirikordaren eraikitze lanei lotuta adostua zegoen hitzarmena aldatzea onartu zuten iragan asteko legealdiko azken osoko bilkuran, zorrak kitatu eta lanak amaitzeko zeuden arazoak konpontzeko.

Konponbide gisa aurkeztu zuten, iragan osteguneko 2019-23 legealdiko azken osoko bilkuran, bozkatu eta onarturiko hirigintza hitzarmena, Udala eta eremuko hitzarmen-batzarraren (enpresa eraikitzaileen) artean adosturikoa, Txirikordari "dagozkion eraikuntza-obrak eta aipatutako partzelaren urbanizazio-obrak finantzatzeko eta gauzatzeko".

Gehiengo osoz onartu zuten hitzarmena maiatzaren 25eko osoko bilkuran, EHBilduko udal ordezkarien aldeko botoekin. EAJ-ren udal ordezkariak abstenitu ziren. PSE-ko ordezkaria ez zen udalbatzarrean izan.

Modu honetan, azken aldian eraikuntza lanez arduratu direnak obrak egin dituzten enpresekin izandako arazoak konponbidean jarriko dituen hitzarmen gisa definitu dute honako hau, egin beharreko ordainketak egin eta geratzen diren azken lanak amaitze aldera.

Etena ordainketetan
Hitzarmen hau bozkatu aurretik, gai honek izandako ibilbidea azaldu zuen udal gobernu taldeak. Txirikorda eraiki eta eremua urbanizatzeko modua adostu zuen bere garaian Usurbilgo Udalak eta Ugartondoko hitzarmen-batzarrak (enpresa eraikitzaileek, Sukiak eta Jauregizarrek). Bertan, irizpideok finkatu zituzten: eraikitze proiektuaz eta obraren zuzendaritza osoaz Ugartondoko hitzarmen-batzarra arduratuko zen, baita ordainketaz ere; eta eraikina egiteko Udalari diru kopuru finko bat ordaintzea adostu zuten. Gainera, eraikin publiko honen partzela urbanizatzeko lanak ere bere gain hartzea adostu zuten. Udalak bere aldetik, Txirikordako obrak esleitzera konprometitu zen. Hau guztia, 2020ko ekainean izenpetu zuten hitzarmenean jaso zuten bi aldeek. 

Horren baitan, guztira hitzarmen-batzarrak Udalari 1.423.000 euro ordaindu behar zizkion lau txandatan; %25a hitzarmena sinatzeko unean, beste laurden bat Udalak lanak esleitutakoan, beste %25a eraikinaren egitura egikaritzean eta azkeneko laurdena eraikuntza lanak amaitutakoan. 

Modu horretara adostua egon arren, iragan asteko osoko bilkuran alkate Agurtzane Solaberrietak oroitarazi zuenez, "hirugarren ordainketa egiteko unean pizten da alarma, zati osoa ordaintzen ez denean". Laugarren zatia ezta ez zion ordaindu Udalari. Egoera hau tarteko, "Ugartondoko urbanizazio lanak eten" ziren, udal gobernu taldetik azaldu zutenez, eraikuntza lanez arduratu behar zuen "hitzarmen-batzarrak enpresei ez zielako ordaintzen" hauek eginiko lanak. 

Egoera korapilatu zen honenbestez. Ez enpresei ezta Udalari ere zegokiena ordaintzeari utzi zioten Txirikordaren eraikuntza lanen ardura zutenek. 

Arazoen hauen aurrean, duela hiru urteko hitzarmeneko zazpigarren klausula aldatzea adostu dute bi aldeek; bai Udalak baita hitzarmen-batzarrak ere. Txirikordako lanak guztiz amaitu eta zorra kitatzeko, Sukiak eta Jaureguizarrek 411.500 euro ordaindu behar dizkiote Usurbilgo Udalari. Apirilaren 17an ordainketa modua adostu zuten. "Sukiak konpromisoa hartu zuen Usurbilgo Udalari zuzenean 95.981,35 euro ordaintzeko, eta Jauregizar SLk ordainketa lotu zuen E blokeko etxebizitzen salmentatik jasoko zituen onurekin". Bi enpresa hauek, beraz, modu independentean ordainduko dute aipatu zorra.