"Oraindik ere" oinarrizko eskubideak urratzen segitzen direla salatu du Sarek

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 26a, 20:25

Hilero moduan, elkarretaratzea egin du Usurbilgo Sarek Mikel Laboa plazan.

Maiatzeko azken ostirala, Sarek deitutako elkarretaratzearen bueltan elkartu dira hainbat herrikide Mikel Laboa plazan, "oraindik ere" nabarmendu dutenez, "estatuek aplikatzen duten espetxe politikak euskal presoen eskubideak urratzen dituela" salatzeko. "Etxera bidea gara" aldarriaren bueltan bildutako mobilizazioaren bidez, horixe da hain zuzen ahalbidetu nahi dutena, salbuespenezko espetxe politika etetea galdegin eta indarrean den araudia baliatuta, eskubide urraketekin amaitzea.

"Salbuespenezko auzitegia den Auzitegi Nazionalak Euskal Herriko elkarbizitzaren eraikuntza geldiarazten duen lobby-ari kasu egiten jarraitzen duelako, euskal gizartearen gehiengo zabalaren borondateari bizkarra emanez, eta presoak, errefuxiatuak eta deportatuak etxeratzea ahalbidetu beharrean. Ezin dugu onartu egoera hori xantaia gisa erabiltzea", salatu du Sarek.

Oinarrizko eskubideez ari direla nabarmendu dute. "Baldintzapeko askatasunerako edo erdi-askatasunerako eskubideaz ari gara, tokatzen delako. Espetxe-legeriak ez du inola ere ezartzen kondenak azken segundora arte bete behar dituztenik espetxeko harresien barruan". Are gehiago, "araubide irekian sartzeko eskubidea dute, gizartera itzultzeko eskubidea, beren bizitzak berregiten hasteko eskubidea dute".

Lasterbidean
Testuinguru honetan, mobilizatzen segi eta deituko diren ekimenetan parte hartzen jarraitzeko eskaera egin dute Mikel Laboa plazako elkarretaratzean, "etxera itzultzeko prozesua legez ezarritakoaren arabera gauza dadin". 

Ate joka den hurrengo hitzordura joateko gonbita egin du Usurbilgo Sarek. "Amasa-Villabonako Lasterbidean ekainaren 3an burutuko dena eta orain arte bezala herrialde guztietako herri zein auzo ezberdinetan burutzen ari diren etxera egun ezberdinena". Amasa-Villabonako ekimenari buruzko informazio gehiago, lasterbidean.eus atarian jaso dezakezue.