#M28

Hauteskundeotako zenbakiak

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 28a, 08:04

Gaurko hauteskunde egunari lotutako zenbait zenbaki lerrootan.

6.166 biztanle ditu Usurbilek, hauteskunde egun honi begira kontuan hartu duten erroldaren arabera. Haietatik 18 urtetik gorako 4.862 herrikideek izango dute Usurbilgo udalbatza nahiz Gipuzkoako Batzar Nagusiak berritzeko eskubidea igande honetan, maiatzaren 28an. Biztanle kopurua aintzakotzat hartuta, Usurbili 13 udal ordezkari hautatzea dagokio orain arte bezala. Alkateak eta hamabi zinegotzik osatuko dute, beraz, udalbatza berria datorren 2023-27 legealdian.

Foru hauteskundeen kasuan, 51 batzarkideek osatzen dituzte herrialdeko Batzar Nagusiak. 88 udalerri ditu Gipuzkoak eta haietan guztietan bozkatu ahalko da erakunde hau eraberritzeko. Lau hauteskunde-barrutietan banatua dago Gipuzkoa: Donostialdea, Bidasoa-Oiartzun, Oria eta Deba-Urola barrutietan. Usurbil Donostialdea barrutian dago kokatua, Astigarraga, Donostia, Hernani, Lasarte-Oria eta Urnietarekin. Hauteskunde-barruti bakoitzari batzarkide kopuru zehatz bat dagokio.  17 Donostialdeari.

Aldiz, barruti judizialari dagokionez, Donostiakoan dago udalerri hau beste hamahiruokin batera: Aduna, Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Orio, Pasaia eta Urnietarekin.

Lau urteko eta bina urteko legealdi bana
Hementxe beste zenbaki bat; laua. Ezustekorik ezean, lau urterako legealdiak izaten dira; honenbestez, hauteskundeotatik eraberrituko diren erakundeak lau urterako berrituko dira, 2027.urtera arte. Zubietako Herri Batzarra ere berritzeko aukera izango dute gaurkoan, kasu honetan ere lau urterako hautatzen da, baina legealdia bitan izaten dute erdibitua; bi urtez Donostia aldeko hautagai bat izaten da alkate, eta beste bi urterako Usurbil aldeko hautagaietako bat.

Herrikide guztiontzat bozkatzeko zortzi mahai egokitu dira Usurbilgo udalerrian udal eta foru hauteskundeetarako. Bederatzigarren bat erantsi behar zaio, Zubietako Herri Batzarra berritzeko baliatuko dena, eta hamargarren bat Zubietan kokatuko dutena baina Donostiako lurretan. Mahaiak bai baina bozketarako guneak gutxiago izango dira; guztira zortzi.

72 herrikide hautatu
Udal eta foru hauteskundeen igande honetan, lanean jardungo duten mahaikideak hautatzeko zozketa apirila amaierako osoko bilkuran egin zuten. Gogoan izan, Usurbilgo lurretan aipatu hauteskundeotarako zortzi mahai osatuko dira. Mahai bakoitza lehendakariak eta bi bokalek osatzen dute. Bakoitzarentzat bi ordezko ere hautatzen dira badaezpada. Mahai bakoitzeko bederatzi kide guztira honenbestez, eta hauek mahai kopuruarekin biderkatuz gero (zortzi guztira), 72 herrikideek agertu beharko dute gaur hauteslekuok osatzera. Haietatik herena baino ez, 24 izango dira lan egin beharko dutenak. Hauei beste sei lagun batu beharko zaizkie; hiru, Donostia aldeko zubietarrentzat egokituriko hauteslekuan eta beste hiru Kaxkapen, Herri Batzarra berritzeko hauteskundeetarako egokituko duten gunean jardunean ariko direnak.   

Gaurkoan lan egitea egokitu zaienentzat, beste zenbaki bat; orain arte bezala, 65 euro ez, 5 eurotan igo dute kobratuko duten ordainsaria, 70 euro guztira jasoko dituzte.