#M28

Ekainaren 17an osatuko dute udalbatza berria, aurrerago gainerako erakundeak

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 28a, 08:02

Duela lau urte osatu zuten udalbatzako kideak.

Finkatua dago udalbatza berria osatzeko eguna; ekainaren 17an izango da kargu hartze ekitaldia. Aurrerago berrituko dituzte gainerako erakundeak.

Igande honetako, maiatzaren 28ko hauteskunde gauean emango dira ezagutzera, datozen orduotan izango diren bozketen emaitzen berri. Behin-behinekoak izango diren emaitza hauetatik berrituko dira aurrerago erakundeak; Usurbili dagokionez, udalbatza eta Gipuzkoa mailan, Batzar Nagusiak. Zubietarren kasuan, gainera, Herri Batzar berria.

Aurretik ordea, finkatua dagoen egutegia kontuan izanda, ekainaren 2tik 5era Eskualdeko Hauteskunde Batzordeek zenbaketa ofiziala egingo dute.

Udalak lehenik
Udalbatza osatzeko kargu hartze ekitaldiaren eguna finkatua dute; ekainaren 17an izango da, larunbat eguerdian. Udalbatza berria osatuko dute hitzordu horretan. Hamahiru ordezkariz osatua dago udalbatza. Egun zortzi udal ordezkari ditu EHBilduk, lau EAJ-PNV udal taldeak eta bat PSE-EE-k.

Aurrerago erabakiko dute noiz eratuko diren gaurko foru hauteskundeen emaitzetatik Gipuzkoako Batzar Nagusiak. 51 batzarkideez osatua dago herrialde mailako erakunde hau. Egun 20 batzarkide ditu EAJ-PNV-k, 17 EHBilduk, 9 PSE-EEk, 4 Elkarrekin Gipuzkoak eta bat PP-k.

Zubietako Herri Batzarra berritzeko ekitaldia, aldaketarik ez bada, uztaileko lehen hamabostaldian izango da. Aurrerago zehaztuko dute eguna. Bost dira egun Zubietak dituen batzarkideak.