#M28

Hauteslekuak zabalik, herritarrak etenik gabe bozkatzen

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 28a, 09:45

Tantaka bada ere, etengabe bozkatzen ari dira herritarrak gaurko udal eta foru hauteskundeotan. Bai behintzat, hiru mahai egokitu dituzten Udarregi ikastolan.

Zabalik dira hauteslekuak, eta herritarrak hitza hartzen hasiak dira. Goizeko bederatzietan ireki dituzte herrian botoa emateko egokitu dituzten guneak Usurbilgo herri nahiz auzoetan. Udarregi ikastolako eraikin gorriko aretoan Kaxkoko eta Atxegaldeko bizilagunentzako hiru mahai egokitu dituzte, beste bi Haur Eskolan Kaxkoko nahiz Kalezarko bizilagunentzat, Aginagan eta Santuenean mahai bana, eta Zubietan hiru (bi udal eta foru hauteskundeetarako, hirugarrena Herri Batzar berria hautatzeko).

Ireki orduko hasi dira herritarrak hurbiltzen. Uda giroko igande honek lagunduta agian, bat baino gehiago izan da kirola egiteko arropa jantzita hurbildu dena bozka ematera, egunpasa egitera joan aurretik. Adin tarte guztietako herrikideak ikusi ditugu: bikoteak, familiak, gazte koadrila bat ere bai... hauteslekuak ireki berritan. Nabarmentzekoa, Udarregi ikastolako mahaietan behintzat, etenik gabe gerturatu dira herrikideak goizeko lehen orduan.

Normaltasunez doa goiza hauteslekuetan. Bada nabarmentzeko moduko bitxikeria bat mahaietako baten osaketan gertatu dena. Lehendakariak eta bi bokalek osatzen dituzte mahaiok. Bakoitzak bi ordezko hautatu izaten ditu; aurrez eginiko zozketa bidez aukeratzen dira denak. Mahaietako bat, titular batek eta bigarren ordezkoak ziren bi herritarrek osatu dute.

Arratsaldeko 20:00ak arte izango dira zabalik hauteslekuok.