#M28

%49,81eko parte hartzea 18:00ak arte

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 28a, 18:16

Duela lau urte %51,22ko parte hartzea izan zen ordu berean Usurbilen. Parte hartzeari lotutako ehunekoa murriztu arren, duela lau urte ordu honetan jasotakoa baino boto gehiago bildu dituzte hautetsontzietan.

Arratsaldeko 14:00etako joera berretsi da 18:00etan ere. 2019ko udal hauteskundeekin alderatuta, zertxobait murriztu da parte hartzea orain arte behintzat Usurbilen. Arratsaldeko 20:00etan hauteslekuak itxi eta behin behineko emaitzak ezagutu aurretik plazaratu den azken parte hartze datuaren arabera, gaur botoa ematera deituak zeuden usurbildarren %49,81ak parte hartu du hauteskunde egun honetan.

Hauteskundeok azkenekoz egin ziren 2019ko datuarekin alderatzen badugu, zertxobait apalagoa da. Duela lau urte ordu honetan %51,22ak hitza hartua zuen. Beraz, 1.41 puntu baxuagoa izan da parte hartzea gaur arratsaldeko 18:00etan; %49,81ekoa hain zuzen. Lau urteotako datuen artean zegoen aldea handitu egin da gainera, eguerdiaz geroztik; 14:00etan gaurko parte hartze datua 2019koa baino 0.82 puntu gutxiagokoa zen.

Ehunekoei begira murrizketa, baina boto kopuruari begira gorakada. Duela lau urte, arratsaldeko 18:00etan 2.410 lagunek eman zuten botoa Usurbilen, oraingo honetan 2.434 lagunek.

Joera bera eskualdean
Beterri Buruntzako gainerako udalerriei erreparatuz gero, parte hartze jaitsiera txikiena Usurbilek izan du. Adi eskualdeko udalerrietan izaten ari den joerari: Andoainen 5.29 puntu egin du behera parte hartzeak (2019an %52,08, gaur %46,79), 3.96 puntu Astigarragan (%49,98 2019an, %46,02 gaur), 5.39 puntu Hernanin (%52,59 2019an, %47,20 gaur), 2.67 puntu Lasarte-Orian (%48,32 2019an, %45,65 gaur) eta 8.50 punturaino murriztu da Urnietan (%49,97 2019an ,%41,47 gaur).

Parte hartzea ia bost puntu baxuagoa Gipuzkoan
Alde hau are nabariagoa da Gipuzkoan. Arratsaldeko 18:00etan duela lau urte ordu berean izandakoa baino 4.84 puntu baxuagoa zen parte hartzea herrialde mailan. 2019an boto eskubidea zuten gipuzkoarren %53,35ak deialdi hartan botoa emana zuen, gaurkoan %48,51k.

Antzeko aldea baita EAE mailan. 2019an %52,78ak parte hartu zuen orduko udal hauteskundeetan arratsaldeko 18:00etarako, gaur ordu berean %48,69ak.

Hego Euskal Herri mailan Nafarroan gehitu da soilik parte hartzea. 14:00etan gertatu den moduan, 18:00etan ere nafarren %54,32ak eman du botoa, duela lau urte %52,93ak. 1.39 puntutan hazi da parte hartzea bertan.


USURBIL, PARTE HARTZEA

  2023 2019 2015
14:00 %35,28, 1.724  boto %36,1, 1.717 boto %36,67
18:00 %49,81, 2.434  boto %51,22, 2.410 boto  
Parte hartzea guztira