#M28

EHBildu nagusi, hamahiru zinegotzitik bederatzi eskuratuta

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 28a, 22:52

Gehiengo osoan segiko du EHBilduk, baina aurreko legealdian baino ordezkari bat gehiagorekin. EAJ-PNV-k lautik hirura murriztu du ordezkaritza eta PSE-EEk orain arteko zinegotzi bakarrari eutsi dio. PPk ez du ordezkaririk izango 2023-27 legealdian.

Orain arteko gehiengo osoari eutsiko dio EHBilduk, baina ordezkari bat gehiagorekin. Usurbilgo udalbatza osatzen duten hamahiru ordezkaritik bederatzi izango ditu legealdi berrian.  EAJ-k zinegotzi bat gutxiago izango du; 2019az geroztik lau zituen, datorren legealdian hiru izango ditu. PSE-EEk orain arteko zinegotziari eutsiko dio. PP-k ez du ordezkaritzarik izango.

Hauxe azkar batean, amaitu berri diren udal hauteskundeon emaitzak Usurbilen, bozken ehuneko ehun zenbatu ostean. Bitxikeria moduan esan, 20:00etan hauteslekuak itxi eta berehala hasi den boto zenbaketaren behin-behineko lehen datuen arabera, orain arteko ordezkaritza islatzen zutela lehen emaitzek; EHBilduk zortzi zinegotzi izango zituela, lau EAJ-PNV-k eta bat PSE-EEk.

Bozken zenbaketak aurrera egin ahala, ordea, berehala aldatu da panorama. Aipatu moduan, zinegotzi bat gehiago eskuratu du EHBIlduk, bat galdu du EAJ-PNVk eta PSEk orain arteko ordezkaritzari eutsi dio.

2019ko udal hauteskundeekin alderatuta hain zuzen; EHBilduk 120 boto gehiago eskuratu ditu gaur, EAJ-PNV-k 107 boto gutxiago eta PSE-EEk 9 boto gutxiago.


Bozken % 100 zenbatuta:

Udal hauteskundeak
2023
EHBildu: 9 ordezkari (2019an baino bat gehiago), 1.771 boto , % 60,79.
EAJ-PNV: 3 ordezkari (2019an baino bat gutxiago), 757 boto, % 25,98.
PSE-EE-PSOE: 1 ordezkari (2019ko ordezkari kopuru bera), 236 boto, % 8,10.
PP: 0 ordezkari, 56 boto, % 1,92.

Bozkak guztira: 2.957.
Abstentzioa: 1.929 (39,48).
Boto zuriak: 93 (%3,19).
Boto baliogabeak: 44 (%1,49).



2019
EHBildu:
1.651 boto, 8 zinegotzi.
EAJ-PNV: 864 boto, 4 zinegotzi.
PSE-EE: 248 boto, zinegotzi 1.
Aulki Zuriak: 127 boto.
PP: 47 boto.
Zuriak: 117 boto.