#M28

Foru hauteskundeetan ere EHBildu hautagai-zerrenda babestuena

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 28a, 22:02

Botoen ia %60a jaso du EHBilduk. Udal hauteskundeetan alderdi bozkatuenek izandako joeren isla izan dira baita foru hauteskundeak ere. Parte hartzean izan den murrizketa txikixeagoa izan da.

Gogoan izan, udal hauteskundeekin batera, Gipuzkoako Batzar Nagusiak berritzeko bozketa eguna ere izan dela igande honetakoa, maiatzaren 28koa. Kasu honetan ere EHBildu nagusi, bozken %59,66 jasota (1.744). Duela lau urte bozken %56,21 (1.731 boto) eskuratu zituen.

Udal hauteskundeetan izandako emaitzen isla izan dira hain zuzen, Batzar Nagusietako bozketa egun honen emaitzak. Bigarren indarra EAJ-PNV izan da, bozken %23,67arekin (692 boto). Apur bat murriztu du boto kopurua; 2019an 721 boto, %23,41a jaso zituen. Antzeko joera izan dute baita PSE-k eta Elkarrekin Podemosek; PSE-k 2019an 300 bozka (%9,74) eskuratu zituen, 224 (%7,66) gaurkoan. Elkarrekin Podemos eta bere koalizio kideek 207 boto duela lau urte (%6,72) eta 134 igande honetan (%4,58).

Udal eta foru hauteskundeetan Usurbilen jaso diren boto kopuruan bada alderik. Udalean ordezkaritza duten hiru alderdietan, boto gehiago jaso dituzte udal hauteskundeetarako foru hauteskundeetarako baino. Aldiz, guztira, foru hauteskundeetarako boto pare bat gehiago izan dira, 2.959. 2.957 udal hauteskundeetan. Udal hauteskundeetan bezala, foru hauteskundeetan ere gutxitu egin da parte hartzea, baina jaitsiera txikixeagoa izan da Batzar Nagusietako bozketa egun honetan; %5,4 murriztu da foru hauteskundeetako parte hartzea, %5,5 udal hauteskundeetakoa.

Foru hauteskundeak
Parte hartzea: %60,59.
Jasotako boto kopurua: 2.959.
Abstentzioa: 1.917, %39,31.
Boto zuriak: 41, %1,40.
Boto baliogabeak: 36, %1,22.