Santixabel jaietako Haurren Eguneko ekimenetan izena emateko epea zabalik da

Erredakzioa 2023ko mai. 29a, 11:36

LH nahiz DBH-ko ikasleentzat Usurbilgo jaietako ekimenetan izen emateko epea zabaldu du antolaketa lanetan ari diren guraso taldeak. Deialdia bereziki, herritik kanpo ikasten duten gaztetxoei zuzendua dago.

Garai bateko formatu eta ereduan bueltan datoz bi urteko osasun krisialdiaren ostean, Usurbilgo jaiak, adin tarte eta zaletasun anitzei erantzungo dieten hamaika hitzordurekin. Etxeko txikienei begira, ekainaren 30erako ekimen sorta prestatzen ari da urtero legez, herriko guraso talde bat. Momentuz, aurreratu dutenez, goiz parterako LH eta DBH-koei zuzenduriko jolasez beteriko goiza antolatzen ari dira; aurreko edizioetan egin izan zuten moduan, LH 1-4koek ginkanan parte hartzeko aukera izango dute. Helduagoek, LH 5ean hasi eta DBH2ra arte ikasten ari direnek "erronkan".

Herrian ikasten dutenek ikastetxetik bideratu ahalko dute izen ematea, baina Usurbilen badira hainbat gaztetxo herritik kanpo ikasten dutenak. Haiei zuzendua dago bereziki, guraso talde honek NOAUA! bidez zabaldu nahi duen ohar hau. Adinaren arabera, ginkanan edo erronkan izena eman nahi dutenek ekainaren 16ra arteko epea dute, helbide honetan inskripzioa bideratzeko: santixabelak.umeen.eguna@gmail.com

Ekainaren 30ean, goizeko 9:45ean ekingo zaie ekimen hauei.