#U23

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak uztailaren 23an

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 29a, 12:03

Udal eta foru hauteskundeen biharamun honetan, izatez urte amaieran egitekoak zituzten Espainiako Gorteetarako hauteskundeak aurreratzea erabaki du egungo presidente Pedro Sanchezek.

Udal eta foru hauteskundeen biharamunak bozketa egun berri baten atarian jarri gaitu. Pedro Sanchez egungo Espainiako Gobernuko presidenteak Madrilgo Gorteak desegin eta hauteskundeak deitu ditu uztailaren 23rako, astelehen goiz honetan Moncloan egin duen erakunde adierazpenean. 

Izatez, urte amaieran egitekoak ziren hauteskundeak udara aurreratu ditu honenbestez. Gogoan izan, uztailaren 23an, beraz, Espainiako Gorteak berrituko dira: Madrilgo Diputatuen Kongresua batetik, Senatua bestetik. Deialdi honetan, Gipuzkoa mailako hautagai-zerrendak bozkatzeko aukera izaten da. Kongresuaren kasuan alderdi baten edo beste baten hautagai-zerrenda oso bat hautatu ahalko da, Senatuaren kasuan, alderdi bereko edo desberdinetako hiru hautagai.

Bitxikeria moduan, erakundeok berritzeko hauteskundeak azkenekoz 2019ko azaroaren 10ean egin ziren. Bitan egin ziren hauteskunde haiek urte hartan. Apirilaren 28an egin ziren lehenengo aldiz, eta azaroan errepikatu zituzten gero.

Beste bi deialdi
Hauteskunde zikloa halere ez da uztailaren 23an amaituko, beste bi hauteskunde deialdi ere izango baititugu, aldaketarik ez bada, 2024an. Batetik, Europako Parlamenturako hauteskundeak. Data finkatua dute, ekainaren 6tik 9ra, tarte horretan izango da bozketa eguna. Horrez gain, Eusko Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak ere beranduenez garai horretan egingo dira. Gogoan izan, 2020ko uztailean egin ziren azkenak. EAE mailako bozketa egun hau beraz, 2024ko uda hasieran egin liteke beranduenez, hauek ere aurreratzea erabakitzen ez bada behintzat.