#U23

Hauteskundeen deialdi ofiziala egin bezain laster, posta bidezko bozka eskatzeko epea zabalik berriz

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 30a, 14:33

Uztailaren 23rako Espainiako Gorteetarako hauteskunde eguna iragarri bezain laster abiatu dira bozketa egun horri begirako prestaketa lanak.

Maiatzaren 28ko bozketa egunaren biharamunean, berez urte amaieran egitekoak zituzten Espainiako Gorteetarako hauteskundeak uztailaren 23ra aurreratzea erabaki zuen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak. Berak iragarri bezala, eta zegokion Ministroen Kontseiluan hala erabaki ostean, dekretu bidez 2019ko azaroaren 10ean izandako bozketa egunetik osatutako Madrilgo Diputatuen Kongresua eta Senatua desegin eta herritarrak uztailaren 23an hitza hartzera gonbidatzen dituen deialdia argitaratu du, asterte honetako, maiatzaren 30eko Estatuko Aldizkari Ofizialean.

Hauteskunde deialdi honi lotutako zenbait xehetasun ere aurreratu ditu deialdi horretan. Batetik, kanpaina noski, uztailaren 7ko gauerdian hasi eta uztailaren 21ean amaituko dela. Bozketa egun horretatik osatu beharko den Diputatuen Kongresu eta Senatu berria, Gorte berriak abuztuaren 17an bilduko dira lehen aldiz.

Leheneago, gaurtik bertatik, maiatzaren 30etik dagoeneko zabalik da posta bidez bozkatzea nahi dutenek egin beharreko eskaerak aurkezteko epea Correosen. Bi hilabete eskas baino ez uztailaren 23rako eta hurrengo asteotan, deialdi bat bestearen atzetik egingo dute. Hemen, datozen hauteskundeei begirako hitzordu nagusien egutegia:

Espainiako Gorteetarako hauteskundeei lotutako egutegia
Maiatzaren 30etik aurrera: posta bidez bozkatzea eskatzeko aukera.
Ekainaren 9ra arte: koalizioak aurkezteko epea.
Ekainaren 19ra arte: hautagaiak aurkezteko epea.
Ekainak 27: hautagaien zerrenda argitaratzea.
Uztailak 7: kanpainaren hasiera.
Uztailak 21: kanpainaren amaiera.
Uztailak 23: hauteskunde eguna.
Abuztuak 17: hauteskundeen emaitzen araberako Diputatuen Kongresu eta Senatu berria osatzeko bilkurak.

Beste bi deialdi
Hauteskunde zikloa halere ez da uztailaren 23an amaituko, beste bi hauteskunde deialdi ere izango baititugu, aldaketarik ez bada, 2024an. Batetik, Europako Parlamenturako hauteskundeak. Data finkatua dute, ekainaren 6tik 9ra, tarte horretan izango da bozketa eguna. Horrez gain, Eusko Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak ere beranduenez garai horretan egingo dira. Gogoan izan, 2020ko uztailean egin ziren azkenak. EAE mailako bozketa egun hau beraz, 2024ko uda hasieran antola liteke beranduenez, aurreratzea erabakitzen ez bada behintzat.