2024ko jaiegun ofizialen egutegia onartu du Eusko Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 30a, 11:42

Hamabi jaiegun izango ditu 2024ak, gehi beste bi; bat Gipuzkoa mailakoa, Foru Aldundiak hautatu beharrekoa, eta bigarrena Usurbil mailakoa, Udalak osoko bilkuran erabaki beharko duena.

Datorren urterako jai egun ofizialen egutegia zehaztu dute. Garai honetan egin ohi duen moduan, Eusko Jaurlaritzaren astearte honetako Gobernu Kontseiluak 2024. urterako lan-egutegia onartu du. Bestela esanda, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan datorren urtean izango ditugun jai egun ofizialen egutegia. Guztira hamabi jai egun izango ditu, baina Gasteizko gobernutik ohartarazi duten moduan, egutegian gorriz ageriko zaizkigun egun hauei beste bi erantsi beharko dizkiegu; bat Gipuzkoako Foru Aldundiari hautatzea dagokion herrialde mailakoa eta bestea Usurbilgo Udalak zehaztu beharko duena, udalerri mailakoa. Gipuzkoakoa normalean uztailaren 31 izaten da, udalerri mailakoa, uztailaren 2a, Santixabel Eguna.

Jai egunak, orain artekoak izango dira: Espainiako naziotasuna goraipatzen dutenak nahiz erlijio ospakizunei lotutakoak izango dira. Aipatzeko moduko aldaketa bakarra abenduaren 8a igandez egokituko dela, eta beraz, jai egunen egutegitik kanpo utzi dute. Era berean, ordea, urtarrilaren 1a, aurten igandez egokitu dena, astelehena izango da 2024an, eta, beraz, hamabiko zerrenda horretan txertatu dute.

M8
Martxoaren 8a jai egun ofiziala izendatzeko proposamenik ere egon da azken aldian, baina azkenean, iragarria zegoen moduan, ez dute egutegian txertatu. Honela azaldu du Eusko Jaurlaritzak. "Zuzendaritzaren hasierako proposamenari irekitako alegazio-prozesu arruntean (martxoaren 8a barne), ez da kontrako argudiorik jaso, Emakundek gai horri buruz egindako erreserba ez-erabakigarri ezagunak izan ezik. Hala ere, administrazio-prozesu horretatik kanpo, bai politikan bai gizartean, martxoaren 8a lan-arloko beste jarduera batzuk sustatzeko aukera izan daitekeela uste dutenen iritziak jaso dira, hala nola zaintza-sektoreko greba, oraindik zehaztu gabe dagoena.

Elkarte feministen beste edozein ekimen ez oztopatzeko, ohiko egutegiari jarraitzea erabaki da, araudiak lehenetsita aurreikusten dituen daten ordezko aukerarik bilatu gabe. Era horretan, gainera, denbora ematen zaio Emakunderi Legebiltzarrak agindutako hausnarketa-prozesua amaitzeko, igorritako txostenak adierazten baitu “hasieran proposatutako data lehen hurbilketa bat dela, prozesu osatugabea, bizia eta, jakina, zabalgarria baita, etorkizunean euskal genealogiari buruzko ikerketa historikoa egitea gomendatuz”.

2024ko jai egun ofizialen egutegia
· Urtarrilak 1 (Urteberri eguna).
· Urtarrilak 6 (Errege eguna).
· Martxoak 28 (Ostegun santua).
· Martxoak 29 (Ostiral santua).
· Apirilak 1 (Pazko astelehena).
· Maiatzak 1 (Langileen eguna).
· Uztailak 25 (Santiago eguna).
· Abuztuak 15 (Andra Mari eguna).
· Urriak 12 (Espainiako jai nazionala).
· Azaroak 1 (Domu Santu eguna).
· Abenduak 6 (Konstituzio eguna).
· Abenduak 25 (Eguberri eguna).