Musikak, kantuak are gehiago gerturatu eta komunitate bateko kide sentiarazten laguntzen digula argi da. Astearte goizean Zumarten zuten giroa ikusi besterik ez zegoen. Puntapax eguneko zentroko eta eguneko arreta zerbitzuko kideak bisitan izan zituzten. Bisita gidatua egin zuten lehenbizi instalakuntzetan barrena, eta gero kontzertua eskaini zieten bertako irakasleek eta ikasle gaztetxoek.
Ezagunak ditugun abestiak berreskuratu eta kantatu zituzten guztien artean. Belaunaldi arteko topaketa honetako lotunea izan zen musika. Usurbilgo Udalak eta Zumarte Musika Eskolak antolaturiko ekimen hau ez da berria. Urtean bitan biltzeko ohitura izaten dute; gabon giro betean murgiltzen den urte amaieran, eta orain, urte garai honetan, uda aurretik. "Plazerra da zuek hemen izatea. Ohorezko gonbidatuak zarete. Zuekin asko gozatu eta ikasten dugu. Zuek ere ondo-ondo egon izana espero dugu. Berriz erepikatuko dugu gabonetan", adierazi zien Zumarteko lehendakari Agurne Alkortak.
Ildo beretik mintzatu zen ere, alkate gisa bigarren legealdirako hautatu berria izan den Agurtzane Solaberrieta Mesak ere. "Ohitura onak mantendu egin behar ditugu", adierazi zuen hitzordu honetara joateko gonbidatzeagatik eskerrak ematearekin batera. Gozagarritzat jo zuen, belaunaldiartekotasuna sustatzen duen ekimen hau. Ate joka ditugun festez gozatzeko deia egin zien. Usurbilgo festetan antolatu ohi den jubilatuen bazkaritara ere animatu zituen.
Esker hitzak ez ziren hor amaitu. Puntapax Eguneko Zentroaren izenean, kideetako batek bertan eskuz eginiko kitarra bat oparitu zien Zumartekoei.