Azken osoko bilkura

Esleipena luzatu diote Artzabalgo egungo kudeatzaileari

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 31a, 10:32

Sinatua duen kontratua beste urtebetez luzatzea onartu zuen udalbatzak, legealdiko azken osoko bilkuran.

Artzabalgo Gure Pakea jubilatuen elkarteko taberna orain arte bezala, Igor Gorriti Lizasok kudeatzen segiko du. Hala erabaki zuen udalbatzak aho batez iragan osteguneko, eta 2019-23 legealdiko azken osoko bilkuran. 2016ko maiatzaren 10eko ezohiko osoko bilkuran esleitu zitzaion jatetxearen kudeaketa eta hilabete beranduago kontratua sinatu, hasiera batean bost urterako. Baina urtez urte beste bost urtez, hau da 2026ra arte luzatu zitekeela adostu zuten. 

Honako hau, honenbestez, hirugarren luzapen urtea litzateke. Oraingo honi, ordea, aldaketa batekin ekingo dio kudeatzaileak. Orain arte zuen autonomo kontratua bere jabetzako SL batera ondorengotza egitea eskatu zuen. Udalak bere aldetik bere aldetik bi baldintza ezarri dizkio: arrisku profesionalengatiko segurua 300.000 eurotakoa izatea eta bai kudeatzailea eta SL berria "solidarioki erantzutea kontratu honen exekuzioaz". Artzabalgo kudeatzaileak uztaila honetan bertan jarriko du martxan SL hau.