Udal dirulaguntza gehiagotarako eskabideak aurkezteko aukera

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 1a, 11:44

Ekintzaileentzako nahiz norgehiagoka erregimenekoak ez diren Kirol Arloko laguntzetara eskabideak aurkezteko epeak zabalik segiko du hurrengo hilabeteotan. Horrez gain, laster, euskara nahiz aisialdiko laguntzetara eskabideak aurkezteko epea irekiko du Udalak.

Maiatzaren 31n agortu zen, ekintzaileei zuzenduriko dirulaguntza lerroetan eskabideak aurkezteko lehen txanda. Egun horretara arte jasotako eskaeren ebazpena kaleratuko du Usurbilgo Udalak aurrerago. Halere, lokal hutsetan jarduera ekonomiko berriak sustatu nahiz Kabienen urtebeteko egonaldia egitea ahalbidetzen duen Hasiz Hazi laguntza deialdietara proposamenak aurkezteko epeak zabalik segiko du irailaren 30era arte. Egun horretara jasotako eskabideekin bigarren ebazpena kaleratuko du Udalak.

Norgehiagoka erregimenekoak ez diren Kirol Arloko dirulaguntzak eskatzeko deialdiak ere martxan segiko du, bestalde, urte amaierara arte.

Euskarako eta aisialdiko laguntzak
Aipaturikoei beste bi laguntza lerroetara eskabideak aurkezteko deialdia batu behar zaie. Usurbilgo Udalak aurreratu duenez, ekainaren 19tik uztailaren 7ra bideratu ahalko da laguntzon tramitazioa. Amaitzear den ikasturte honetan euskara ikasten aritu direnentzat nahiz aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak egin dituztenei zuzenduak daude laguntza lerro hauek.

Eska daitezkeen udal dirulaguntzak
Norgehiagoka erregimenekoak ez diren Kirol Arloko dirulaguntzak eskatzeko deialdia
Lagunduko diren egitasmoak: laguntza bereziak (5.400 euro), taldeetako prestakuntza teknikoak (1.000 euro), kirolarien oinarrizko osasun miaketak (5.000 euro), eskolaz kanpoko kirol jardueretan parte hartzeko diru laguntzak (5.000 euro).
Epea: abenduak 1.

Ekintzaileentzako Kabiene Elkartean lankidetza-esparrua erabiltzeko Hasiz Hazi bekaren oinarriak
Laguntzaren zenbatekoa: dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 1.234,20 €koa izango da, beti ere ekintzaileak 12 hilabetetako erabilera izaten badu Kabienen. 
Epea: irailak 30.

Hutsik dagoen merkataritza lokal batean jarduera ekonomiko berri bat abian ipini nahi duten ekintzaileentzako dirulaguntzen oinarriak eta 2023ko deialdia
Laguntzaren zenbatekoa: ekimenak abiarazteko hasierako gastuei aurre egiteko gehienez 5.500 euro. Lokalaren alokairu edo erosketa gastuetarako, lehen urtean gehienez 400 euro hilean, bigarrenean 300 euro gehienez jota.
Lagunduko diren egitasmoak: egun eskaintzen ez diren zerbitzuekin lotutakoak edota ixtear izan edo itxi berriak izan diren jardueren jarraipena bermatzen dutenak lehenetsiko dira.
Epea: irailak 30.

Informazio gehiago: otsailaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.


Euskara eta aisialdiko dirulaguntzak
Epea: ekainak 19-uztailak 7.
Xehetasunak: aurrerago.