2022-23 ikasturtea

Euskara eta aisialdiko dirulaguntzen oinarriak kaleratu ditu Udalak

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 2a, 08:13

Ekainaren 19tik uztailaren 7ra bideratu ahalko dira eskabideak.

2022-23 ikasturtea amaitzear den honetan, egindako ahaleginaren truke dirulaguntzak eskatzeko aukera dute, euskara ikasi nahiz maila hobetzeko saiakera egin dutenek, baita aisialdiko begirale edo zuzendari gisa jarduteko ikastaroa egin dutenek ere. Haientzat guztientzat, urtero garai honetan egiten duen moduan dirulaguntza lerroak iragarri ditu Usurbilgo Udalak. Xehetasunak, ostiral honetako, ekainaren 2ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ditu.

Euskarako dirulaguntza lerroari dagokionean, gogoan izan, matrikula kostuaren %100a bere gain hartzen du Udalak, 600 euroko mugarekin. Bestela esanda, euskara ikastea doakoa izaten da Usurbilen. Geure hizkuntzaren ezagutzan eragiten segi nahi du hain zuzen Udalak. "Usurbilgo Udaleko Euskararen Ordenantzak bere 39. artikuluan dio Udalak neurri egokiak hartuko dituela euskara gizarte esparru guztietan erabil dadin eta, oro har, gizarte bizitzan euskararen presentzia gehi dadin. Horretarako, ordenantzaren arabera, bitartekoetako bat euskararen zabalpen funtzionala da, alegia, euskaldunen kopurua handitzea eta hobeagotzea, euskara ez dakitenek ikasi dezaten bideak jarri, eta dakitenak alfabetatu daitezen bitarteko egokiak bideratzea. Usurbilgo Udalak oso garrantzitsu irizten dio helduen euskalduntzean eta alfabetatzean eragiteari. Horregatik hain zuzen ere, aurrekontu partida bat ezarri du 2022-2023 ikasturtean zehar euskalduntze ikastaroetara joan diren Usurbilgo biztanleei bekak emateko".

Aisialdiko dirulaguntzei buruz Udalak gaineratzen duenez, "a
isialdia gizarte bizitza horretako zati bat da eta gure gizartean gero eta garrantzia handiagoa duena gainera. Aisialdiko begirale eta zuzendariak berariaz eta era egokian prestatua egotea garrantzitsua ikusten du udalak. Are gehiago, prestakuntza hori euskaraz jasotzea garrantzitsua iruditzen zaio udalari. Horrexegatik hain zuzen ere, aurrekontu partida bat ezarri du 2022-2023 ikasturtean zehar aisialdiko begirale edo zuzendari ikasketak egin dituzten biztanleei bekak emateko".    

Lerrootan bildu ditugu dirulaguntza hauei buruzko xehetasunak.

2022-23 ikasturtean euskara ikasi dutenentzako dirulaguntza deialdia
Xedea: "Usurbilgo Udalaren dirulaguntzen oinarri erregulatzaileak ezartzea, norgehiagoka erregimenean, 2022-2023 ikasturtean helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egin dituzten usurbildarrei dirulaguntzak emateko".
Epea: ekainak 19-uztailak 7.
Nori zuzendua: Usurbilen erroldatuta dauden 16 urtetik gorako euskara ikasleei.
Bete beharreko baldintzak:
-Usurbilen erroldatua egotea.
-Gutxienez, ikastaro osoan zehar, %80ko asistentzia izatea (autoikaskuntzaren kasuan aprobetxamendua ziurtatzea).     
-
Gutxieneko aprobetxamendua gainditzea (euskaltegiak egindako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharrekoa).
Diruz lagunduko diren ikastaroak: 2022ko irailaren 1etik 2023ko abuztuaren 31ra bitartera egindakoak.
Dirulaguntzen zenbatekoa:
Herritar guztiek matrikula kostuaren %100 jasoko dute (600 euroko muga), baldintza hauek betetzen badituzte:    
-%80ko asistentzia.
-Gutxieneko aprobetxamendua.

"Herritar bakoitzak gehienera jota 600 euroko dirulaguntza jasoko du Udaletik. Aipatutako ehunekoak gutxitu egin daitezke aurkeztutako eskaeraren arabera. Hau da, dirulaguntzetarako dagoen dirua baino handiagoa bada eskaera, proportzionaltasunaren irizpidea aplikatuko da. Nolanahi ere, aurreko irizpideetan baloratu ez diren bestelako herri intereseko irizpideak kontuan hartzeko aukera izango da".
Eskabideen aurkezpena: aurrez aurre udal erregistroan edo telematikoki usurbil.eus atarian.
Informazio gehiago: ekainaren 2ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.


2022-23 ikasturtean aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak egin dituztenentzako dirulaguntza deialdia
Xedea: "Usurbilgo Udalaren dirulaguntzen oinarri erregulatzaileak ezartzea, norgehiagoka erregimenean, 2022-2023 ikasturtean zehar aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroa euskaraz egin duen usurbildar orori dirulaguntzak emateko".
Epea:
ekainak 19-uztailak 7.
Nori zuzendua:
2022-2023 ikasturtean aisialdiko begirale edo aisialdiko zuzendari ikastaroak egin dituzten 16 urtez gorako usurbildarrei.
Bete beharreko baldintzak:
-Usurbilen erroldatua egotea.
-Ikastaroa euskaraz izatea eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izatea.
-Ikastaroaren alderdi teorikoa gainditzea eta araututako gehienezko epearen barruan titulua lortzea.

"Araututako epearen barnean titulua lortu ezean, itzuli egin beharko zaio udalari jasotako dirulaguntza. Herritar batek ikastaroak irauten duen bitartean ematen badu erroldan alta edo baja, ikastaroak irauten duen bitartean erroldatuta egon den denboraren proportzio berean izendatuko zaio dirulaguntza".
Dirulaguntzen zenbatekoa:
-Begirale ikastaroa: matrikularen %50 (gehienez ere 250 €).              
-Aisialdiko zuzendari ikastaroa: matrikularen %50 (gehienez ere 250 €).
"Aipatutako portzentaje hau gutxitu egin daiteke aurkezten diren eskarien arabera. Beti ere, oinarri hauen 2. artikuluak ezarritako baldintzak bete beharko dira. Nolanahi ere, aurreko irizpideetan baloratu ez diren bestelako herri intereseko irizpideak kontuan hartzeko aukera izango da".
Eskabideen aurkezpena: aurrez aurre udal erregistroan edo telematikoki usurbil.eus atarian.
Informazio gehiago: ekainaren 2ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.