Parke eolikoa eraiki nahi duten Ezkeltzura irteera igandean

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 2a, 10:43

Euriagatik maiatzaren 13an Usurbildik eta Zizurkildik Andatza-Ezkeltzu Bizirik! elkarteak antolatua zuen irteera igande honetara, ekainaren 4ra atzeratzea erabaki zuten.

Andatza-Ezkeltzu Bizirik! elkarteak maiatzaren 13rako antolatua zuen txangoa ekainaren 4an egingo da, igande honetan hain zuzen. Datorren hilean, lehen igandean egingo da beraz, aipatu txango hau.

2022ko otsailean izan genuen Ezkeltzun eraiki nahi duten parke eolikoaren berri. Egitasmo hau hurbiletik ezagutzeko aukera izango da, Andatza-Ezkeltzu Bizirik! elkarteak ekainaren 4an antolatu duen txangoan. “Zizurkilgo Ezkeltzu mendian zentral eolikoa eraikitzeko ekimena aurkeztu du Green Capital enpresak. Inguru zoragarri hori ezagutzeko irteera antolatu du Andatza-Ezkeltzu Bizirik! elkarteak”. Zutabe bana abiatuko da Usurbildik eta Zizurkildik. “Hegaztiei, landareei eta ondare arkeologikoari buruzko azalpenak” eskainiko dituzte.

Aurrez aipatu bilgunetik adierazi izan dutenez, "txikizioa, energia berdearen izenean". Hala definitu du Andatza-Ezkeltzu Bizirik plataformak Ezkeltzun eraiki nahi duten parke eolikoaren proiektua. "Green Capital enpresak Ezkeltzu inguruan parke eoliko bat eraikitzeko ekimena aurkeztu du. Ia 200 metroko altuerako errota erraldoiak eta errepide zabalak jasotzen ditu proiektuak", gogorarazi du aipatu herri plataformak.  

Ekainak 4, igandea
9:00
Usurbilgo plazan.
9:30 Zizurkilgo PM Otaño plazan.
10:00 Ezkeltzuko magalean (Zizurkil aldetik).
Ondoren, hamaiketakoa.

Antolatzailea: Andatza-Ezkeltzu Bizirik! elkartea.