650 Usurbil Bizi

Bisita gidatuak asteburuan

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 2a, 10:55

Jada ekaineko asteburuetako bisita gidatuetan izen-emateko aukera duzue 650usurbilbizi.eus atarian.

Osteratxoa egiterakoan barneratuak ditugu, gure ohiko paisaiaren osagaiak dira, Usurbilgo kaleetan dagoen altxor bilduma. Bestelako turismo eredua sustatzen ari den 650 Usurbil Bizi egitasmoak "Usurbil Museo Irekia" ekimenaren bidez, sorkuntza lan hauetan guztietan barrena bidaiatxoa egitea proposatzen digu asteburuetan. Hala izaten segiko du baita ekaina osoan ere. 

Gida baten laguntzaz, herriko kaleetan ditugun kultur altxorrak ezagutzeko aukera izango dugu larunbat eta igande eguerdiro 12:00etan Sutegitik abiatuta; ekainaren 3an, 4an, 10ean, 11n, 17an, 18an, 24an eta 25ean.

Izen handiko sortzaileen lanak
Ordubeteko bisita hauetan parte hartzeko izena aurrez bideratu beharko da 3 euroren truke (18 urtetik beherakoek doan), 650usurbilbizi.eus atarian. Webgune berean jaso ahalko dira xehetasun gehiago. Ekainaren 25era arte, larunbat eta igande eguerdiro egingo dira bisita gidatuotan hamalau lagunentzako lekua egongo da.

"Usurbil beti izan da Euskal Herriko kultur-gune erreferentzialetako bat eta bere lekua irabazi du Euskal Herriko kulturaren mapan. Usurbilera baldin bazatoz bere kaleetan murgiltzea eta paseatzea nahikoa izango duzu edonora eta begiratu eta artelan bat aurkitzeko. Kalean, plazetan, hormetan… Lehengo zein oraingo izen handiko sortzaileen lanak eta ondare aztarnak non nahi izango dituzu zure begiradaren zain.  Gida baten laguntzaz ezagutu ahalko dituzu artelan hauek guztiak ordubeteko bisita gidatuan".