Lanuzteak gaurtik Michelinen, asteleheneko greba orokorraren atarian

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 2a, 07:42
Artxiboko irudia.

Michelingo langileen batzordeak deitutako lau lanuzte egunetan lehenengoa du gaurkoa. Astelehenean greba orokorra.

Greba egunetan lehenengoa du ostiral honetakoa Michelinen. Hala, Gasteizko lantegikon lekukoa hartuko dute. Haiekin mobilizatu dira azken egunotan Arabako hiriburuan, hitzarmen duin baten alde, LAB, ELA, ESK eta CGT sindikatuek deitutako manifestazioan. "Asteburutik aurrera gure txanda" izango dela iragarri zuten.

Hiru puntuko oharrean langileek gogorarazi dutenez, "Enpresa Batzordearen aldarrikapenak maiatzaren 3an sinatu genuen gutxiengo akordioan adostu genituen berberak dira". Batetik, "soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzea". Bigarrenik, "galduriko eros ahalmena estaliko dituzten soldata igoerak". Azkenik, "Plataformak Hileko Ordainketa Sistemari buruz jasotakoari eta bereziki, gutxieneko diru sarrera soldatari erreparatzea".  

Aldiz, "Enpresa Zuzendaritzak hitzarmenaren negoziazio mahaian eginiko azken eskaintzaren aurrean", 
"inongo talde sindikalik ez du adostasunerako bere prestutasuna adierazi". Hau horrela izanik, grebara deitu dituzte langileak, ekainaren 2tik 5era baita egun horietan deitu dituzten mobilizazioetan parte hartzera ere. Segidan duzue langileen batzordetik iragarri duten greba eta mobilizazioen egutegia.

Greba egun hauen atarian, langileen batzordetik "Enpresa Zuzendaritzari zuzendu nahi genuke gogoeta eskatuz eta era berean gatazkari izkin egin ahal izateko negoziatzen jarraitzeko Enpresa Batzordeak duen prestutasun osoa adierazi nahi genuke". 

Greben egutegia
Ekainak 2, ostirala:
Greba egingo dutenak: MAT/SF, CAP gehi gainbegirale eta galdarak C Txandan.
Mobilizazioa: "lantoki atarian greban den txanda hasiera baino ordu bete lehenago".

Ekainak 3, larunbata: 
Greba egingo dutenak: 2R Taillerra A Txandan.
Mobilizazioa: "lantoki atarian greban den txanda hasiera baino ordu bete lehenago".

Ekainak 4, igandea:
Greba egingo dutenak: Gainbegirale eta Galdarak C Txandan.

Ekainak 5, astelehena:
Greba egingo dutenak: greba eguna lantoki osoan.
Mobilizazioak:
05:00-09:30 Elkarrretaratzea lantoki atarian.
09:30 Kotxe karabana lantoki ataritik.
13:00-14:30 Elkarretaratzea lantoki atarian.
17:00 Manifestazioa lantoki ataritik Lasarten barrena. Amaiera, lantoki atarian.

Deitzailea: Michelingo langileen batzordea.