Haur Eskolaren kuotaren aldaketari lotutako erabakia jendaurrean

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 2a, 08:45

Usurbilgo Udalak datorren 2023-24 ikasturtean Haur Eskolako kuoten %62 bere gain hartzeko 2023ko ordenantza fiskaletan txertatzea erabaki zuten aldaketa jendaurrean izango da 30 lanegunez.

Eusko Jaurlaritzak Haur Eskolen doakotasuna iragarri zuen datorren 2023-24 ikasturtetik aurrera. Doakotasuna nola bermatu, finantzatuko zuten ez ordea. Ez behintzat guztientzat. EAE mailan udal titulartasuneko hamahiru Haur Eskola daude, tartean Usurbilgoa. Testuinguru horretan, Udalak  informazio eske aritu da azken hilabeteotan han eta hemen, erantzun argirik ez du jaso ordea. Jaurlaritzak eginiko planteamenduarekin bat egin zuen udal gobernu taldeak.  Gai honen eskumena Jaurlaritzarena izan arren, apirilean Sutegin deitu zuen bileran iragarri moduan, eta iragan astean onartu zutenez, orain arte gurasoek ordaintzen zuten kuotaren %62aren finantzaketa bere gain hartuko du Udalak datorren ikasturtean, "udal Haur Eskolako erabiltzaileen mesedetan".

Horretarako, aurtengorako onartuak dituen ordenantza fiskaletan aldaketa bat txertatzea proposatu zuen udal gobernu taldeak legealdi amaierako pasa den asteko osoko bilkuran; zehazkiago esanda, "zerbitzuak eskaini edo udal jarduerak burutzeagatiko prezio publikoak arautzen dituen eranskineko C atala aldatzea" onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz EHBilduren udal ordezkarien babesarekin, EAJ-koek abstenitzea erabaki zuten. Erabaki hau 30 lanegunez jendaurrean jarriko du Udalak, ostiral honetako, ekainaren 2ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean berri eman duenaren arabera.

Behin-behineko erabakia
Aldaketa horrek Haur Eskolako kuotaren %62 Udalak bere gain hartzea ahalbidetuko du. Bestela esanda, 2023rako onarturiko Haur Eskolako prezioa publikoa %62 murriztuko da familientzat. Horretarako, 120.000-125.000 euro gehiago bideratzea aurreikusia du Udalak. Aurtengo nahiz datorren 2024ko udal aurrekontuari eragingo dio erabaki horrek.

Sutegiko bileran adierazitakoa gogorarazi zuten berriz udal gobernu taldetik. Alegia, datorren ikasturterako soilik hartuko den neurria da honako hau. Irailetik aurrera, 2024-25 ikasturterako dauden aukerez hausnartu eta erabaki beharko dela adierazi zuten.