Michelin greban

"Lehen greba deialdiak erabateko jarraipena izan du"

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 3a, 11:34
Argazkia: Michelingo LAB.

Hala adierazi du Michelingo langileen batzordeak egunotarako iragarritako lau greba egunetan lehenengoa egin ostean. Astelehenean, ekainaren 5ean lantegi osoa geratuko dute eta manifestazioan irtengo dira bermeak dituen lan hitzarmen bat eskatzera.

"Michelin borrokan" eta bermeak dituen lan hitzarmen baten alde mobilizatu dira ostiral honetan, ekainaren 2an Michelin atarian. Gogoan izan, lau greba egun deitu ditu langileen batzordeak atzo hasi eta astelehenera arte, hilaren 5era arte. Egunotan lanuzte sektorialak egingo dituzte. Astelehenean, lantegi osoari eragingo dion greba orokorrean parte hartuko dute. 

Lau egunotarako, gainera, mobilizazioak deitu dituzte Michelin atarian. Lehenengo elkarretaratzeko irudia duzue albiste honi atxikitakoa, bertako LAB sindikatuko ordezkariek ateratakoa. "Lehen greba deialdiak erabateko jarraipena izan du deituriko bi tailerretan", berri eman dute. Gaur izango dute bigarren lanuzte eguna.


"Inongo talde sindikalik ez du adostasunerako bere prestutasuna adierazi"
Greba egunon atarian langileek gogorarazi dutenez, "Enpresa Batzordearen aldarrikapenak maiatzaren 3an sinatu genuen gutxiengo akordioan adostu genituen berberak dira". Batetik, "soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzea". Bigarrenik, "galduriko eros ahalmena estaliko dituzten soldata igoerak". Azkenik, "Plataformak Hileko Ordainketa Sistemari buruz jasotakoari eta bereziki, gutxieneko diru sarrera soldatari erreparatzea".  

Aldiz, "Enpresa Zuzendaritzak hitzarmenaren negoziazio mahaian eginiko azken eskaintzaren aurrean", 
"inongo talde sindikalik ez du adostasunerako bere prestutasuna adierazi". Hau horrela izanik, grebara deitu dituzte langileak, ekainaren 2tik 5era baita egun horietan deitu dituzten mobilizazioetan parte hartzera ere. Segidan duzue langileen batzordetik iragarri duten greba eta mobilizazioen egutegia.

Greba egun hauen atarian, langileen batzordetik "Enpresa Zuzendaritzari zuzendu nahi genuke gogoeta eskatuz eta era berean gatazkari izkin egin ahal izateko negoziatzen jarraitzeko Enpresa Batzordeak duen prestutasun osoa adierazi nahi genuke". 


Greben egutegia
Ekainak 2, ostirala:
Greba egingo dutenak: MAT/SF, CAP gehi gainbegirale eta galdarak C Txandan.
Mobilizazioa: "lantoki atarian greban den txanda hasiera baino ordu bete lehenago".

Ekainak 3, larunbata: 
Greba egingo dutenak: 2R Taillerra A Txandan.
Mobilizazioa: "lantoki atarian greban den txanda hasiera baino ordu bete lehenago".

Ekainak 4, igandea:
Greba egingo dutenak: Gainbegirale eta Galdarak C Txandan.

Ekainak 5, astelehena:
Greba egingo dutenak: greba eguna lantoki osoan.
Mobilizazioak:
05:00-09:30 Elkarrretaratzea lantoki atarian.
09:30 Kotxe karabana lantoki ataritik.
13:00-14:30 Elkarretaratzea lantoki atarian.
17:00 Manifestazioa lantoki ataritik Lasarten barrena. Amaiera, lantoki atarian.

Deitzailea: Michelingo langileen batzordea.