Ikasturte amaierako ekimenak eta uda hasierakoak tartekatuko ditu ekaineko agendak

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 3a, 09:36

Nola ez, urteko seigarren hilabete hau ekimenez josia dator.

2022-23 ikasturteak berea egin du. Denboraldi amaiera eta uda hasiera bateratzen dituen ekainean sartu gara. Garai aldaketa hau argi islatzen dute asteotarako iragarri diren ekimenek. Hasteko, ikastetxeek oporraldi luzean murgildu aurreko ekimenak iragarri dituzte; UdaFest Zubietako guraso elkarteak ekainaren 5etik 16ra, Ikastola Eguna ekainaren 9an eta 10ean, eta ikasturte amaierako ikuskizuna Aginagako eskolak hilaren 21ean. 

Zumarte Musika Eskolak ere emanaldien asteburuarekin borobilduko du 2022-23 ikasturtea; urtean zehar eginiko lanketa ekainaren 16an eta 17an plazaratuko du. Astebete beranduago agurtuko ditu baita urrian abiarazitako ikastaldiak Etumeta AEK euskaltegiak, ekitaldi berezi batekin hain zuzen. Estreinakoz antolatu duten 1. Etumeta Literatura Lehiaketako sariak banatuko dituzte datorren asteazkenean.

Asteotan amaituko dira baita azken hiruhilekoan abian izan diren ahalduntze eskolak ere. Emakumeei zuzendutako jabetze eskola hauei buruz hausnartzeko aukera eskainiko du Usurbilgo Udalaren Parekidetasun Sailak hilaren 14an antolatu duen solasaldian. Hauetako saio asko eskaini izan dituen Pepa Bojo psikoterapeutak bideratuko du hitzordua.

Formazio saioez ari garela, ezin ahaztu, UEU-ren udako 51. ikastaroen baitan Artzabalen egingo duten Jakin Jardunaldia. "Gizarte mugimenduak: erronka berriei elkargune berriak" izango dituzte hizpide aurtengoan, uztailean ez, ekainaren 22an eta 23an. Izen-ematea ueu.eus atarian bideratu behar da.

Jaiak
Agurrak soilik ez, hilabete honetan ongi etorria emango diogu baita udari. Eta harekin festen errondari. Kalezarren izango dute jaiek beren lehen geltokia; ekainaren 23tik 25era ospatuko diren San Joanekin. Usurbilgo festak helduko dira gero; hilaren 29tik uztailaren 3ra ospatuko dira.

Jaien ostean, udako aisialdiko ekimenen txanda uztailean. Horren harira, Udajolasen izena emana duten haurren gurasoentzako bilera deitu dute NOAUA! K.E.-k eta Udalak ekainaren 20an.

Lasterketa solidarioa, udalbatza berria...
Ikasturtea agurtu eta uda giro betean murgiltzeko, zubi-lana egingo duten hitzordurik ere ez zaigu faltako hilabete honetan. Batetik, astebururo, larunbat eta igande eguerdiro "Usurbil Museo Irekia" herriko kaleetan ditugun altxorrak ezagutzeko 650 Usurbil Bizi egitasmoaren baitan egingo dituzten bisita gidatuak. Bestetik, elkartasun ekimen bat; 3. Uxue Trail lasterketa ekainaren 18an. Hilaren 16ko gaueko 22:00k arte kronoak.com atarian eman ahalko da izena, Uxue Martin herrikideak duen gaixotasun arraroa ezagutarazi eta ikerketa bultzatzeko laguntza biltzea xede duen ekimen solidarioak. 

Amaitzeko, ikasturtea ez, 2019-23 legealdia agurtu eta datorrenari harrera egingo dion ekitaldia izango da hilaren 17an; iragan maiatzaren 28ko udal hauteskundeetatik udalbatza berria osatuko da.

Datozen asteek herri bizitzara dakartena egunez egun, web orrialde honetako "Agenda" atalean.