"Hotsez Hots 2.0"

"Harro egoteko arrazoi bat da, zuen gustukoa izatea espero dut"

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 4a, 09:55

Halaxe zioen Jose Luis Elexpe "Pelex"-ek bere artelanen erakusketaren ostiraleko irekiera ekitaldian.

2006an abiarazi zuen "Hotsez Hots" egitasmoaren segida moldatua da hilabete amaierara arte Sutegin ikusgai izango duzuen Jose Luis Elexpe "Pelex"-en sortze lan bilduma. Txalapartan murgilarazi zuen Jexux Artze omenduz hasi zuen proiektu hau 2008. urtean. "Bi urtez Euskal Herrian ibili zen erakusketa eta Bartzelonaraino ere iritsi zen". 2010. urtean eman zion amaiera. Hamarkada bat geroago, covid19ak eragindako osasun krisialdiagatik nahi baino beranduago, duela urtebete jarri zituen estreinakoz ikusgai asteotan Sutegira ekarri dituen artelanak, Beasaingo Igartzan.

"Beste material batzuk erabili ditut"
"Oraingo honetan, zein da desberdintasuna?", galdetu zuen ostiraleko irekiera ekitaldian. "2.0" honek hamar urteotan sortzaile usurbildarrak izandako bilakaeraren lekuko bilakatuko gaitu Sutegin. "Profesionalki hobeto jarria nago orain", zioen. Artelanak egiteko baliatutako materialean aldaketa sumatuko dugu. "Beste material batzuk erabili ditut, material oso finak", zioen erakusketaren irekiera ekitaldian. Xede jakin batekin erabili nahi izan ditu. Sortutako lanak "airean egongo balira bezala da".

Kolorei erreparatuz gero, "zenbait elkarrizketetan entzungo zenuten protagonismoa beti txuriari ematen diodala, beste guztia ateratzeko. Oteizak zioen bezala, sakonerak eta txuria eta beltza ateratzeko txuria behar da. Kasu honetan, kolore txuriak protagonismo handia du orekak sortzeko eta egonkortasuna eskulturetan. Bere fintasun horretan gorantz bezala doa".

Zioenez, horraino aldera dezake asteotan Sutegin ikusgai dagoen "Hotsez Hots 2.0" erakusketa duela hamar urtekoarekin. "Ez dut esango hau edo bestea hobea denik". Katalogoetan aldera ditzakegu soilik. Egileak adierazi duenez, aurreko erakusketaren berri paperezko euskarri horretan jaso dezakegu, "jendeak ikusi dezan zer aldaketa izan den", sortze lanak, beraz, "2.0" bertsiorako egindakoak dira. Zer esana emango duela esperota, "ea zer diozuen, zuen gustukoa izatea espero dut".

Ziurtatu zuenez, "Hotsez Hots" egitasmoaren amaiera da honakoa. "Seguruena 3.0 jada ez da egongo, hor bukatuko dut". Gustura amaituko du "bizitza erdia" jorratzen daraman proiektua. "Hor geratuko da betiko. Harro egoteko motibo bat da eta espero dut zuen gustukoa izatea. Gozatu!".