"Hotsez Hots 2.0"

"Usurbil arnasten da erakusketa osatzen duten artelan guztietan"

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 4a, 09:53

"Guretzat luxua da, ohorea. Aldi berean, kasik derrigorra zen erakusketa hau ere Usurbilera ekartzea". Halaxe zioen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak, Jose Luis Elexpe "Pelex"-en erakusketaren irekieran.

Legution bizi den Usurbilgo artistak ondutako egitasmo honen "2.0" bertsioaz zioenez, "batez ere mugimendua eta hotsa uztartzen ditu". Horrekin batera, baita Usurbildik kanpo bizi arren, "zure sorterriarekin dituzun loturak, harremanak islatzen ditu eta guk ere etxeko zaitugu".

Herrikide guztiak erakusketa bisitatzera animatu zituen. "Usurbildar guztiek erakusketa honetaz gozatzea nahi nuke", emankortzat jo zuen urte honetan. "Duela juxtu 15 egun bukatu zen Usoa Zumetak egindako Zumetaren muralaren sortze prozesua erakusten duen erakusketa arrakastatsua. Gaur herriko beste sortzaile handi batek osatutako erakusketa ari gara zabaltzen". 

"Kasik derrigorrezkoa zen erakusketa hau ere Usurbilera ekartzea"
Iazko urte amaieratik zen hartuemanetan Udala Pelexekin. "Eguberrietan hurbildu zinen gugana eskuartean zenuen proiektu berria aurkeztera. Beasaingo Igartza jauregian egindako "Hotsez Hots 2.0" Usurbilen erakusteko proposamena luzatu zenigun. Beasainen argitaratutako katalogoa erakutsi zenidan. Erakusketa berri honi ekiteko arrazoiez, motibazioez jardun genuen. Aipatu zenigun Usurbilen ere erakusketa hau antolatzeko gogoa zenuela eta nola esan ezetz, proposamen horri. Inon zentzurik eta tokirik badu erakusketa honek Usurbilen baitu. Usurbil arnasten da erakusketa osatzen duten artelan guztietan". Alkatearen esanetan, "gure herri iruditeriaren parte diren Artze anaiak, Zumeta, Mikel Laboa, txalaparta, txoriak, kolore horien guztien presentzia nabarmena da. Horregatik, guretzat luxua da, ohorea da eta aldi berean kasik derrigorrezkoa zen erakusketa hau ere Usurbilera ekartzea".

Alkatearen esanetan, hain zuzen "Usurbil zerbait bada txalapartaren herri bat da. Izan ere, Usurbilek txalaparta du bere berezitasunen artean. Euskal perkusio tresna zahar hau galtzorian egon zen eta Usurbilgo bi semeek, Artze anaiek protagonismo berezia izan zuten bere berreskurapenean. Usurbilgo Artze anaien ibilbideak eta obrak leku berezi bat ematen diote Usurbili txalapartaren hstorian eta aipatu nahi dut ere Usurbilek Ez Dok Amairu mugimenduarekin izan zuen harremana eta mugimendu horren ikurra ere badela txalaparta bat, Remigio Mendibururen txalaparta".