Usurbilgo jaiak

Ekainaren 16an jaietako zikiro-janerako txartelak eskuratzeko aukera

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 5a, 08:45

Iaz bezala, egun, ordu eta leku zehatza jarri du antolakuntzak, uztailaren 1ean egingo den zikiro-janerako lekua hartzeko.

Usurbilgo festen baitan, uztailaren 1ean egingo den zikiro-janerako txartelak ekainaren 16an eskuratu ahalko dira, ostiralarekin, iaz egin zuten moduan. Aitzaga elkartean jarriko dituzte salgai 19:30etan, antolatzaileek berri eman dutenez, iazko prezioetan. Bertara, Askatasuna plaza aldetik sartuta erosi ahalko dira. Une horretan agortze ez badira, Bordatxon eta Txiribogan eskuratu ahalko dira.

Haurren Eguneko ekimenetarako izen-ematea
Etxeko txikienei begira, ekainaren 30erako ekimen sorta prestatzen ari da urtero legez, herriko guraso talde bat. Momentuz, aurreratu dutenez, goiz parterako LH eta DBH-koei zuzenduriko jolasez beteriko goiza antolatzen ari dira; aurreko edizioetan egin izan zuten moduan, LH 1-4koek ginkanan parte hartzeko aukera izango dute. Helduagoek, LH 5ean hasi eta DBH2ra arte ikasten ari direnek "erronkan".

Herrian ikasten dutenek ikastetxetik bideratu ahalko dute izen ematea, baina Usurbilen badira hainbat gaztetxo herritik kanpo ikasten dutenak. Haiei zuzendua dago bereziki, guraso talde honek NOAUA! bidez zabaldu nahi duen ohar hau. Adinaren arabera, ginkanan edo erronkan izena eman nahi dutenek ekainaren 16ra arteko epea dute, helbide honetan inskripzioa bideratzeko: santixabelak.umeen.eguna@gmail.com

Ekainaren 30ean, goizeko 9:45ean ekingo zaie ekimen hauei.