Michelin greban

Michelin geratu dute langileek

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 5a, 09:25
Argazkia: Michelingo LAB.

Laugarren eta azken greba eguna gaur Michelinen. Goizean goizetik lantegia erabat geratu dute langileek. Mobilizatuak daude goizaldeko 5:00etatik. Arratsaldean, Lasarte-Orian barrena manifestazioa deitu dute.

Erabatekoa izaten ari da greba gaur Michelinen. Lantegia erabat gelditu da. "Goizeko txandan erabateko jarraipena izan du grebak!", berri eman du lantegiko LAB sindikatuak sare sozialen bidez. Langileak goizeko 5:00etatik mobilizatuak egon dira lantegi atarian 9:00ak arte. Goizean zehar auto karabanan Donostia aldera joatekoak dira. Ordubatak aldera berriz, lantegi atarian elkarretaratzea egingo dute, arratsaldeko txanda hasi aurretik.

Eguneko azken hitzordua, arratsaldeko 17:00etan; manifestazioa deitu dute Michelinetik Lasarte-Orian barrena. Lantegian bertan amaituko da eta adierazpena plazaratuko dute langileek.

Bermedun hitzarmenaren alde
Bermeak dituen hitzarmen duin baten alde ari dira borrokan Michelingo langileak. Horregatik, ostiralaz geroztik, greba sektorialak egin dituzte lantegi barruan eta astelehen honetan, greba orokor betean dira.

Hiru puntuko oharrean langileek gogorarazia dutenez, "Enpresa Batzordearen aldarrikapenak maiatzaren 3an sinatu genuen gutxiengo akordioan adostu genituen berberak dira". Batetik, "soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzea". Bigarrenik, "galduriko eros ahalmena estaliko dituzten soldata igoerak". Azkenik, "Plataformak Hileko Ordainketa Sistemari buruz jasotakoari eta bereziki, gutxieneko diru sarrera soldatari erreparatzea".  

Aldiz, "Enpresa Zuzendaritzak hitzarmenaren negoziazio mahaian eginiko azken eskaintzaren aurrean", 
"inongo talde sindikalik ez du adostasunerako bere prestutasuna adierazi". Hau horrela izanik, grebara deitu zituzten langileak ekainaren 2tik 5era, baita egun horietan antolatutako mobilizazioetan parte hartzera ere.

Greba egun hauen atarian, langileen batzordetik "Enpresa Zuzendaritzari zuzendu nahi genuke gogoeta eskatuz eta era berean gatazkari izkin egin ahal izateko negoziatzen jarraitzeko Enpresa Batzordeak duen prestutasun osoa adierazi nahi genuke".