Michelin greban

"Negoziazioei berriro ekiteko deia luzatu nahi diogu Enpresa Zuzendaritzari"

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 5a, 19:36

Lau greba egunetan azkena zuten astelehen honetakoa Michelingo langileek. Lan hitzarmen duin bat, bermeak dituena galdegiteko manifestazioa egin dute astelehen arratsaldean Lasarte-Orian. Lantegi atarian abiapuntu eta helmuga izan duen mobilizazioaren amaieran, "negoziazioei berriro ekiteko deia" egin diote Enpresa Zuzendaritzari.

Langileen adierazpena
Hitzarmenaren Negoziazio Mahaitik behin eta berriz eskatu diogu Enpresa Zuzendaritzari langileon aldarrikapen nagusiei erantzuteko.

Zuzendaritzari soldaten igoerak eskatu dizkiogu, prekarietatearen mamua gure fabrikatik baztertzeko ere exijitu diogu eta batez ere, gure soldatak inflazioarekin lotuta egon behar dutela adierazi diegu. Hitzarmenaren indarraldia amaitzean gure erosteko ahalmena berriro murriztuko ez dela bermatua egon behar duela. Michelingo langileok behar eta merezi dugula.

Lagunok! Aldarrikapen zuzen, arrazoizko eta arrazoituez ari gara. Langileok urteetan gure lan ona eta konpromisoa askotan erakutsi dugu, pandemiaz geroztik jasan behar izan dugun guztia ez da makala izan, Michelingo Zuzendaritzaren aldetik errespetua eta aitortza tratua irabazia beharko genuke! Michelingo balantze ekonomikoek argi uzten dute langileen aldarrikapenei zailtasunik gabe aurre egin diezaieketela.

Horregatik, gaur greba eta mobilizazioen lehen egun arrakastatsuaren ondoren, Hitzarmenaren Negoziazio Mahaitik gogoeta sakona egin eta harrokeriazko jarrerak baztertuz, akordio eta bermedun hitzarmen bat ahalbidetzeko, negoziazioei berriro ekiteko deia luzatu nahi diogu Enpresa Zuzendaritzari.

Eskerrik asko denoi!!