Usurbilgo jaiak

Jaietako egitarauaren diseinuak egilea badu, festak abiaraziko dituen taldea prest

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 6a, 10:17

Usurbilgo gazte mugimendua egituratzen duten eragileetako kideak, iazko jaietako gazte txupinazoan.

Gazteak izango dituzte protagonista herriko festen hasierak eta egitarauaren diseinuak.

Usurbilgo jaietarako atzera kontaketa betean gara jada. Gogoan izan, bost festa egun izango ditugu aurten, ekainaren 29an hasi eta uztailaren 3ra arte. Hilaren 2an, Santixabel eguna igandez egokituko denez, biharamunean, astelehenez amaituko dira datozen jaiak.

Festetan izango dugun eskaintzaren berri zehatza, ekainaren 23an ezagutuko dugu. Egun horretan banatuko du egitaraua Usurbilgo Udalak etxez etxe eta egun berean argitaratuko du baita NOAUA!k festei begirako ohiko gehigarri berezia. 

Gazte Mugimenduak jaurtiko du txupinazoa
Halere, Santixabelei buruzko zenbait xehetasun ezagutzera ematen hasia da Jai Batzordea. Udaberri honetan eginiko deialdiei lotutakoak hain zuzen. Gogoan izan, egitaraua diseinatzeko lehiaketa eta txupinazoa jaurtitzeko hautagaiak proposatzeko deialdia plazaratu zituela apirila amaieran. Maiatzaren 23ra arteko epea zegoen, ekitaldien berri emango digun euskarria diseinatzeko txapelketara aurkeztu nahiz festei hasiera nork eman proposatzeko. 

Ekarpenak egiteko tartea igarota, Jai Batzordeak deialdiotako ebazpenak ezagutzera eman ditu. Hasteko, Usurbilgo Gazte Mugimenduak emango dio hasiera festei. Bestela esanda, mugimendu hau egituratzen duten herri eragileek: Ernaik, Kafe Tertulia neska* gazteen talde feministak, Xauxar txosna batzordeak eta Aztarrika Gazte Asanbladak. Hala erabaki du Jai Batzordeak, "gazte eragileek herria egunerokoan dinamizatzeko egiten duten lanagatik". Aurtengoan, beraz, baten faltan, hasiera bikoitza emango die gazte mugimenduak festei; lehenengoa udaletxeko balkoitik, bigarrena txosnen eremuan. Biak ala biak, ekainaren 29an.

Jai Batzordetik aditzera eman dutenez, hautaketa deialdira 19 proposamen desberdin aurkeztu dituzte prozesu honetan parte hartu duten 65 lagunek.

Peru Agirresaroberen diseinua
Herriko beste gazte batena izango da, jaietako berri emango digun egitarauaren diseinua. Paperezko euskarria diseinatzeko Jai Batzordeak deitutako lehiaketara sei lan aurkeztu zituzten. Bakarra izan zitekeen, ordea, hautatua; Peru Agirresaroberena. 500 euroko saria irabazi du. Hala erabaki du Jai Batzordeko bi kideek, diseinua arloan ezagutzen duten bi adituk eta kultura arloko zinegotziak osaturiko epaimahaiak. Zorionak denei!