Azken hilabeteotan behin eta berriz iragartzen ari diren moduan, Frantziako 110. Tourra Hego Euskal Herrian abiatuko da. Lehen hiru etapak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatuko dituzte eta hurbilago, Usurbil ez, baina inguruko udalerriak bai. Ondorioz, inguruotako hainbat bide moztuko dituzte. Usurbil bete-betean jaietan izango den uztailaren 1ean, 2an eta 3an izango da.
Lehen etapa, uztailaren 1ekoa Bilbon hasi eta amaituko da, ibilbide osoa Bizkaian osatuko dute, beraz, txirrindulariek. Hurrengo biek ordea inguruok zeharkatuko dituzte. Uztailaren 2ko bigarren etapa hain zuzen, Gasteizen hasi eta Donostian amaituko dute. Herriz herri iritsiko dira parte hartzaileak Gipuzkoa hegoaldetik Beterri Buruntzara; Andoain, Urnieta, Hernani eta Astigarraga zeharkatuko dituzte. Helmuga, aipatu moduan, hiriburuan kokatua egongo da.
Biharamunekoa, hilaren 3koa Bizkaiko Amorebietan hasi eta Lapurdiko Baionan amaituko dute txirrindulariek. Kasu honetan, Gipuzkoara kostaldetik sartuko dira, Mutriku aldetik. Kostaldea utzi gabe helduko dira Orioraino, eta handik gorantz Orioko Bentara igo eta Igeldo alderako bidea hartuko dute. Donostia zeharkatuko dute bigarren egunez txirrindulariek eta hortik Pasaia aldera joko dute segidan.
Bide mozketa luzeak
Antolakuntzak hiru egunotarako "Euskadin inoiz izan den segurtasun-operatibo handienetako bat" aurkeztu dute aste hasiera honetan, ohartarazpen argi batekin: "Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta lasterketak zeharkatuko dituen Euskadiko udalek beren mugikortasuna planifikatzeko eskatu diete herritarrei uztailaren 1ean, 2an eta 3an, hainbat orduz izango diren murrizketa handiengatik". Ildo beretik, "garraio publikoa erabiltzeko eskatu diete".
Ordu askotako bide mozketak iragarri dituzte. "Kalkuluen arabera, Ertzaintzak eta Euskadiko udaltzaingoek lasterketaren zirkuituko kaleak eta errepideak moztuko dituzte, gutxienez, ibilbidearen puntu bakoitzean proba egitea aurreikusita dagoen ordua baino 4 ordu lehenago. Izan ere, txirrindulariak irten baino bi ordu lehenago, ibilbide beretik, animazioko karabana bat igaroko da. Karabana honek 30 minutuko iraupena izango du, eta, era berean, Ertzaintzak eta Gendarmerie Nationale Française Frantziako Polizia Nazionalak eskoltatuko dute. Ordu horietan guztietan errepidea erabat itxita egongo da ibilgailuentzat". Irteera eta helmugetan, "mozketek askoz iraupen luzeagoa izango dute". Usurbildik gertuen, Donostian.
Guztira, 2.190 mozketa-puntu zenbatu dituzte, kritikotzat jo dituzten puntuen artean da Orio ingurukoa. "Kontrol zorrotza egingo da gaitutako eremuetatik kanpo aparkatu nahi duten ibilgailuen gainean, eta trafiko-mozketa zorrotzagoak egongo dira, baita 24 edo 48 ordukoak ere".
Hau guztia kontuan izanda, uztailaren 2an eta 3an, igandean eta astelehenean zeharkatuko ditu Tourrak Usurbil inguruak. Hilaren 2an, Beterri-Buruntzako lau udalerri. Hilaren 3an, Orio, Igeldo eta Donostia inguruak. Adi, beraz, egunotan ibilgailua hartu eta inguruotara jo behar duzuenok.
Usurbil inguruak zeharkatuko dituzten etapak
2. etapa, uztailak 2, igandea:
Animazioko karabanak igaroko diren ordutegiak dituzue segidan, txirrindulariak bi ordu geroago igaroko dira:
14:05 Andoain.
14:14 Urnieta.
14:17 Hernani.
14:22 Astigarraga.
15:24 Donostia.
3. etapa, uztailak 3, astelehena
13:32 Orio (N-634 errepidea).
13:41 Orioko Benta.
13:42 Igeldo.
13:52 Donostia.
Informazio gehiago atari honetan: letour.euskadi.eus