Etumeta literatura lehiaketako sari banaketa gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 7a, 09:28

Sari banaketa, gaur arratsaldeko 18:00etan Txiribogan.

Etumeta AEK euskaltegiak urte hasieran antolaturiko literatura lehiaketaren sariak banatuko ditu, asteazken honetan, ekainaren 7an arratsaldeko 18:00etan Txiribogan. "Idazle guztiok zaudete gonbidatuta, baita gainerako herritar eta kuxkuxerook ere, noski".

Etumeta AEK euskaltegiak iragarritako lehiaketa berri honetako oinarriei erreparatuta, sariok banatuko dituzte: 250 euro txapeldunarentzat, 50 euro aipamena merezi duen sortze lanarentzat eta oroigarri bana parte hartzaile guztiei. 

"Espero baino lan gehiago jasota, pozarren gaude antolatzaileok!"
Pozik eta esker oneko agertu dira Etumeta AEK euskaltegiko kideak lehenbiziko aldiz antolatu duten literatura lehiaketak sustatu duen parte hartzearekin. Apirilaren 17an itxi zuten sortze lanak aurkezteko epea. "Espero baino lan gehiago jasota, pozarren gaude antolatzaileok, herriaren erantzuna (beste behin) bikaina izan da. Eskerrik asko parte hartzaile guztioi!", adierazi zien Etumeta AEK euskaltegiak sarean duen blogak.eus/etumeta-euskaltegia-aek/ atariaren bidez.

Gogoan izan, 18 urtetik gorakoei zuzendutako lehiaketara, gehienez, 650 hitzeko ipuin laburrak aurkeztu zitzaketen, gai librean, eta noski, euskaraz. Usurbilen erroldatuak zeudenek edo euskaltegian bertan matrikulatuak dauden ikasleek parte har zezaketen.

Etumeta AEK euskaltegiaren berri bideotatik jaso dezakezue:
https://blogak.eus/etumeta-euskaltegia-aek/bukatu-da-epea
607 609 379