Jakin Jardunaldiaren aurkezpena

"Hemen gauden hiru erakundeon elkarlana herrigintzaren adibide on bat da"

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 7a, 20:57

UEU "herrigintzatik sortutako erakundea" izanik, gizarte mugimenduak hizpide izango dituen aurtengo Jakin Jardunaldirako gaiaren hautaketagatik bidelagun dituen antolatzaileak zoriondu eta herrigintzaren adibide gisa jarri du bere zuzendari Aitor Bengoetxeak hain zuzen, ekimen honen harira Udako Euskal Unibertsitatearen beraren, Usurbilgo Udalaren eta Jakin-en arteko lankidetza esparrua.

Mahaian zituen kideen antzera, Jakin Jardunaldiaren antolaketak biltzen dituen hiru eragileen arteko lankidetza goraipatu eta aberasgarritzat jo du UEUko zuzendari Aitor Bengoetxeak. Baliatzen duten #ElkarEkin traola horren lekuko dela gogorarazi du. "Ekimen hau eta mahai honetan irudikatzen dugun elkarlan hau guretzat oso topagune erosoa da eta benetan plazerra da. Hemen gauden hiru erakundeon elkarlana herrigintzaren adibide on bat da", nabarmendu du UEU-ko zuzendariak.

Hain zuzen, gizarte mugimenduak, herrigintza izango du hizpide nagusi ekainaren 22an eta 23an Usurbilgo Udalak, UEU-k berak eta Jakin-ek Artzabalen antolatu duten Jakin Jardunaldiak. Hitzordu honi begira "gaiaren hautuagatik" zoriondu nahi izan ditu Bengoetxeak gaurko agerraldian alboan zituen kideak.

Balizko elkargune berrietarako "UEU bidelagun izateko prest"
"Gizarte mugimenduek herrigintza bera" elikatzen dutela nabarmenduta, aurtengo Jakin Jardunaldiak egin dezakeen ekarpenari begira jarri da. "Erronka berriei elkargune berriak" izenburua ahotan hartuta aurreratu du, "elkargune berri horiek sortuko balira jardunaldi honetatik edo dena delako gogoetatik UEU bidelagun izateko prest dagoela". Udako Euskal Unibertsitatearen norabidearekin bat egiten du hain zuzen baieztapen honek. "Gogoeta guneak sortzea, jendearen inplikazioa, parte hartzea, iritzia ematea...". Azken aldian, bereziki, gainera, udako ikastaroak "gogoeta eta hausnarketa gune izaten, denen parte hartzea sustatzen", bestela esanda, "jakintzaren demokratizazioa" bultzatzen ahalegindu dira.

Baita "herritarrak ikerketan inplikatzen" ere, "gure norabidea hori da" azpimarratu du Bengoetxeak. "Azkenean" zioenez, "unibertsitate herritar bezala sortu ginen, UEU herritarrengana hurbiltzeko eta herritarrak erakartzea saiatzeko".

Gogorarazi duen moduan, halaxe izan da duela 51 urte jaio zenetik. "Herrigintzatik sortutako erakundea da. Nola ez, eskertu behar da Donibane L
ohitzunen UEU sortzen aitzindari izan zirenak". Urte hauetan guztietan unibertsitatea euskarara eta euskara unibertsitatera "hurbildu nahian" aritu direla nabarmendu du. Mende erdi honetan jorratu duten ibilbidearen adierazgarri, "garai hartan urruti zeudenak (euskara eta unibertsitatea), gaur egun, zorionez, gertuago" daude, gogorarazi duenez.