Jakin Jardunaldiaren aurkezpena

"Barne antolaketa eredu berri bat sortu nahi dugu"

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 7a, 20:42

Gizarte mugimenduei soilik ez, erakundeetan lanean dabiltzan udal ordezkari politiko eta teknikoei datorren ekainaren 22ko eta 23ko Jakin Jardunaldian parte hartzera deitu ditu Usurbilgo alkateak, gaur Donostian egin duten aurkezpen agerraldian. Bide batez, Udala gobernantza eredu berri bati begirako hausnarketa prozesu betean dela azaldu du Agurtzane Solaberrieta Mesak.

Bederatzigarren ediziora heldu den Jakin Jardunaldia aurkeztu dute gaur Donostian. Ohi baino goiztiarrago datorren aurten, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak gogorarazi duen moduan. Ekainaren 22an eta 23an izango da zazpigarrenez Usurbilen, aurten ere Artzabalen. Eduki aldetik, ordea, "ohi bezala" zioen Solaberrietak, "mamitsu eta emankor dator, "Gizarte mugimenduak: erronka berriei elkargune berriak" jardunaldia. Gaurkotasun handiko gaitzat jo duena, "elkarrekin pentsatzeko" deia egin die gizarte mugimenduei. Horretarako "eskaini nahi diegu Usurbilgo plaza", aurreko sei urteetan egin bezala, "ezagutzaren, jakinminaren eta kulturaren topaleku izateko". Euskal kulturaren agenda zabalean "lekutxo bat" izatea lortu duela adierazi du.

Beste ezer baino lehen, Jakin Jardunaldiaren hiru eragileen arteko antolaketa eredua eskertu dio UEU-ri eta Jakin-i, "benetan erosoa eta erraza da eta asko ikasten dugu beraiekin". Eredugarritzat jo du lankidetza hau. "Bide honek erakutsi du izan daitekeela beste elkargune batzuetarako eredu".

Lankidetza eredu berriak aztergai
Lankidetza ereduei erreparatuko die hain zuzen, datorren Jakin Jardunaldiak, "herri mugimenduen eta erakundeen arteko harremanean sakondu nahi dugulako, nolakoa den egun harreman hori eta nolakoa beharkoa lukeen ere etorkizun hurbil batean, egun, gizarte honek dituen erronka konplexuei elkarrekin erantzungo badiegu".

Izan ere, gogorarazi duenez, dagoeneko geroz eta anitzagoak den gizarte erronka hainbati, tartean aldaketa klimatikoari edota zaintza beharrei erantzuteko "dagoeneko ez dute balio iraganeko errezeta zaharrek". "Ertz asko dituzten" datozen "arazo konplexuegiei" aurre egiteko ezinbestekoa iruditzen zaio alkateari, "administrazioak bestelako eragile pribatu eta komunitarioekin lankidetzan aritzea".

Baina galdera ikur bat baino gehiago mahai gainean jartzen dituen jardunaldiotan aurtengo gaiari lotutako galdera nagusietako batzuk plazaratu nahi izan ditu gaurko agerraldian Usurbilgo alkateak. "Prestatuak ote gaude gisa honetako gobernantza eredu berri bati ekiteko? Udalak ere prestatuak ote gaude eraldaketa horri aurre egiteko, edota gizarte mugimenduak prest al gaude harreman logika berriak eraikitzeko? Prest ote gaude administrazioek eta erakundeek ematen diguten zentzu onean ulertutako boterea partekatzeko? Gizarte mugimenduek botere hori partekatu nahi al dute? Nola?... Jardunaldi horietan galdera horiei guztiei eranzuteko parada izango dugu", iragarri du Solaberrietak.

Gobernantza eredu berri bat hausnartzen
Jakin Jardunaldian herri mugimenduen eta erakundeen arteko harremana izango da mintzagaietako bat eta testuinguru horretan, bien arteko lankidetza edo gobernantzarako eredu berriak. Horren harira, Usurbilgo Udalean azken hilabeteotan barne hausnarketa betean direla berri eman du Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak. "Izan ere, guk behintzat argi dugu erronka konplexuek modu berriak eskatzen dizkigutela, baina lankidetza horiek eratzeko ezinbestekoa dela udalak ere barrutik eraldatzea, eta udal antolaketa eredu berriak martxan jartzea, langileen aldetik motibazio eta gaitasun berriak sortzea eta sustatzea, benetan hori guztia posible izateko".

Behar horretatik abiatuta, aipatu moduan Euskal Herri mailan esperientzia berritzaile eta eraldatzaile gisa definitu duen barne hausnarketa betean dira udaletxean. "Xedea garai berrietara egokituko den Udalaren barne antolaketa eredu berri bat eraikitzea" da. Adierazi duenez, "askotan hitz egiten dugun lankidetza publiko komunitario hori bultzatzeko gai izango den antolaketa eta barne antolaketa eredu berri bat sortu nahi dugu, egungo gizarte erronka konplexu hauei, modu integralean eta benetan udal politika zeharlerroz eraikitzeko aukera eta bermea izango den udal antolaketa bat, eta batez ere, lankidetzazko gobernu eredu berri horren oinarriak ezarriko dituenak".

Horregatik, udal ordezkari politiko, tekniko nahiz orohar udal langileentzat, "jardunaldi hauek oso baligarriak zaizkigu horretan guztian sakontzeko eta hausnartzeko, ikusteko gizarte mugimenduak non eta zertarako dauden".  Horregatik, gizarte mugimenduei soilik ez, erakundeetan, udaletan lanean dihardutenei parte hartzeko deia egin die Usurbilgo alkateak.