1. Etumeta Literatura Lehiaketa

Sormenerako gaitasun eta gogoa goraipatu dute, 1. Etumeta Literatura Lehiaketako sari banaketan

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 7a, 20:08

Asteazken arratsalde honetan egin dute, Etumeta AEK euskaltegiak antolaturiko sari banaketa Txiribogan.

Neguan iragarri zuten 1. Etumeta Literatura Lehiaketa; 650 hitzeko ipuin laburrak aurkezteko gonbita egin zieten 18 urtetik gorako herrikideei baita euskaltegiko ikasleei ere. Apirilaren 17ra arte euskaltegikoek zabalik izan zuten epearen baitan, aurreikuspenak gainditu zituen eginiko deialdiak. Horregatik, noski, ekimenak izandako harrera ikusita, esker ona nagusitu da asteazken arratsalde honetan Txiribogan egin duten sari banaketan.

Ondoko irudian dituzue bai saritua izan den lana eta egilea, aipamen berezia jaso duten sortzaile eta idazlanak, baita parte hartzaile hainbat ere. Inor ez da esku hutsik geratu gaurkoan. Etumeta AEK euskaltegiak sarituak izan ez baina lehiaketan parte hartu dutenentzako ere detailetxo bat gordea zuen. Denek ez zuten joaterik izan; jaso gabe geratu direnak, ekainaren 16a baino lehen joan daitezke Etumeta AEK euskaltegira.

Ekitaldira joan direnek, bestalde, sari banaketa ikusteaz gain, Txiribogakoek sukaldaturiko askari ederra dastatu ahal izan dute.

"Herriarentzako egin nahi genuen proiektua zen"
Hitzordua abiarazteko, aipatu moduan, esker oneko hitzak izan dituzte antolatzaileek. Esker ona estreinakoz antolatu duten literatura lehiaketara lanak aurkeztu dituztenentzat, modu oso berezian baita lan hauek epaitzeaz arduratu direnentzat, edota modu batean edo bestean antolaketa lanetan (kartelaren diseinuan...) aritu direnentzat ere bai.

Argi utzi nahi izan dute Etumeta AEK euskaltegiko kideek, ekimena ez zutela haien egoitza barruko lau hormen barruan geratzerik nahi, "herriarentzako egin nahi genuen proiektua zen, sinesten dugulako Usurbilen ere sortzeko gogo eta gaitasun handia dagoela, eta askotan aukerarik ez. Horregatik, oso pozik gaude aukera eman dugun bezain pronto usurbildar askok eta usurbildar ez diren hainbat ikasleek aukerari heldu diotela zerbait polita idazteko eta zerbait polit hori ikustera emateko".

Konbentzituak daude, "Usurbilen ere, beste behin, zerbait euskaraz egin dezakegulako, idatzi eta irakurri euskaraz egin dezakegulako, sortu euskaraz egin dezakegulako, gure aletxoa egin nahi izan dugu". Hortxe emaitza.

Etumeta AEK euskaltegiaren berri bideotatik jaso dezakezue:
https://blogak.eus/etumeta-euskaltegia-aek/bukatu-da-epea
607 609 379

1. Etumeta Literatura Lehiaketa
Garailea
Mikel Rezola Garciaren "Ledezek larrua jo nahi du".


Aipamenak

Olatz Allur Maizen "Mutu".


Uxue Fernandez Lasaren "Amona Antoni".