Jakin Jardunaldiaren aurkezpena

"Ez da kasualitatea Usurbilen eskaintzea plaza hau"

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 7a, 21:09

Jakin-eko zuzendari Lorea Agirrek gizarte mugimenduak hizpide izango dituen ekainaren 22ko eta 23ko Artzabalgo jardunaldiei buruzko zertzeladak eskaini ditu, antolatzaileek Donostian egin duen aurkezpen agerraldian.

Eredugarritzat jo du UEU-ko zuzendari Lorea Agirrek hiru antolatzaileen "egiteko modua eta lortzen ditugun emaitzak. Erraza da lan egitea zuekin". Bederatzigarren edizioa da honakoa, haietatik zazpi Usurbilen antolatu dituzte. "Beti diot, ez da kasualitatea Usurbilen eskaintzea plaza hau, urteotan landu ditugun gaiek nolabait beste leku batzuetan ere izango dutelako islada, baina Usurbilen bereziki". Baita aurtengorako hautatu duten gaiak ere. "Herrian badago gai hau presente, garrantzitsuak diren gaiei eguneroko egite horretan espazioa ematea". Bai Udaletik baita herri mugimenduen eskutik ere, Agirrek nabarmendu duenez.

Mahainguru berritzaileak
Datorren Jakin Jardunaldian jasoko dugunaz hainbat zertzelada eskaini ditu gaurko agerraldian. "Lehen eguna gizarte mugimenduen ingurukoa izango da, eta bigarrena, gobernantza modu berrien edo erakunde eta gizartearen arteko lankidetza horren ingurukoa". Nabarmendu duenez, mahainguruek tarte berezia izango dute aurtengoan, "neurri batean berriak izan daitezkeenak". Mahai beraren bueltan batuko dituzte gizarte mugimendu anitzetako ordezkariak; batean, antiarrazismoa, euskalgintza eta feminismoa batuko dituzte. "Elkarrekin zer egin dezakegu? Elkargune edo aliantza berrietatik zerbait atera daiteke?", galdera hauek erantzuten ahaleginduko dira. Bigarren mahainguru batean, "ekologistak, pentsiodunen mugimenduko ordezkariak eta gazte mugimendua" batuko dituzte. 

Bi jardunaldi egunak Mejillon Tigre kolektiboaren "Hitz esana" ikuskizunarekin borobilduko dituzte. Jakin-eko zuzendariak gogorarazi duenez, Artzabalgo saioek emandakoa uda ostean argitaratuko duten haien aldizkari monografiko batean jasoko dute.

"Inoiz baino beharrezkoagoak dira gizarte mugimenduak"
Gizarte mugimenduak izango dituzte hizpide ekainaren 22an eta 23an Artzabalen. Abiapuntu gisa, EHU-ko lau taldeek landutako hiru ikerlan daude, bi covid19ak eragindako osasun krisialdiaren aurrekoak, hirugarrena garai horren ostekoa. Denak gizarte mugimenduek urteotan izandako eraldaketari buruzkoak. Ikerlan hauek azaleraturiko sei ezaugarri nabarmendu ditu Agirrek: gizarte harremanen desinstituzionalizazio edo suntsiketa, muturreko krisi ekologikoa eta zaintza krisia, lan baldintzen prekarizazioa eta lan eskubideen galera orokorra eta demokraziarekiko desafekzioa herritarren artean. "Sei ezaugarri hauetatik ondorio bat ateratzen dugu. Gertatzen ari den gizarte aldaketa gero eta neoliberalago eta globalizatuago hori gizarte mugimenduen gero eta kontrakoagoa dago eta arrazoi horregatik beragatik inoiz baino beharrezkoagoak dira gizarte mugimenduak, eskubideen defentsa eta aurrerabidea ekarriko dutelako, besteak beste".

Hau guztia Euskal Herrira ekarrita, aipatu ikerlarien taldeek gizarte mugimenduei buruzko "sei ezaugarri nabarmentzen dituzte": herrigintza eta gizarte mugimenduen "historia luze eta sakona dugula"; gazteen presentzia txikia, eta ondorioz, belaunaldien arteko lekuko aldaketa zaila; liberatu eta profesionalen areagotzea; feminismoaren azaleratzea; elkarlanaren eta aliantzen aldeko jarrera; mugimenduen eta erakundeen arteko harreman esanguratsua Euskal Herrian, beste leku batzuetan ez bezala; eta, azkenik, migrazioa, etnia edota jatorri kulturalaz gain, beste aldaera batzuk ere aintzakotzat hartzea; hala nola, adina, klasea, hizkuntza, ideologiak, sexua, erlijioa...". Agirrek iragarri duenez, "horretaz guztiaz hitz egingo dugu Usurbilen bi egunetan".