Donostiako Musika Hamabostaldiko kontzertuetako bat Usurbilen, bertsolari eta guzti

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 8a, 09:23

Organoaren zikloaren baitako kontzertua abuztuaren 15ean izango da.

84. Donostiako Musika Hamabostaldiak abuztuaren 3tik irailaren 1era egingo den eskaintza aurkeztu du egunotan. Egitarau zabal horren baitan, aurtengoan ere ez da faltako organo zikloa ere eta ziklo horren baitan, kontzertuetako bat Usurbilen antolatu dute. 

Emanaldi berezia izango da, organo jole bat eta bi bertsolari batuko baititu; Monica Melcova organo jolea, Alaia Martin eta Andoni Egaña bertsolariekin. Abuztuaren 15ean izango da, arratsaldeko 20:00etan Salbatore elizan. 

Organo zikloak, "ibilbide berri bat diseinatu du Gipuzkoako ondare aberatsa osatzen duten organoetako batzuetatik". Usurbilen soilik ez, Donostia, Deban, Ataunen, Tolosan, Azpeitian eta Azkoitian iragarri dituzte kontzertuak.

Sarrerak salgai
Gainerakoan, orohar, "Musika Hamabostaldiak musika eta dantza eskaintza zabala dakar, 70 ekitaldi baino gehiago, eta horien artean norberak bere jaialdia aukeratu eta diseinatu ahal izango du".

Ostegun honetatik, ekainaren 8tik aurrera, Musika Hamabostaldirako sarrerak musikahamabostaldia.eus webgunean eta Kursaaleko nahiz Victoria Eugenia Antzokiko lehiatiletan erosi ahalko direla berri eman dute antolatzaileek. Ohartarazi dutenez, "Hamabostaldiaren Laguna izateak inoiz baino abantaila eta deskontu gehiago ekarriko ditu, baita sarrera solteen erosketan eta abonuen erosketan ere, % 25eko deskontua izango baitute sarrerak erostean".

Parte hartzeko gonbita egin dute. "Jaialdi irekia eta dinamikoa da eta kalitate-maila altuena dibertsifikazioarekin eta publiko gero eta zabalago batengana iristeko proposamenak bilatzearekin uztartzen ditu. Horrela, Hamabostaldia plan bikaina da abuzturako. Entzun, a zer plana!".

Egitaraua eta xehetasun gehiago musikahamabostaldia.eus atarian.