Badator 3. Uxue Trail lasterketa solidarioa. Aurtengoa, ekainaren 18rako antolatu dute, igande goizerako. Ohi bezala, parte hartzeko lau modalitate eskaini dituzte antolatzaileek: 20 kilometroko eta 11,5 kilometroko trail luzea eta motza hurrenez hurren eta 5,5 kilometroko paseoa. Lasterketan parte hartzerik ez dutenek dortsal solidarioa eskuratzeko aukera izango dute.
Ekainaren 16ra arte zabalik segiko du izen-emateak. Dagoeneko, antolakuntzak berri eman duenez, 300 lagun baino gehiago apuntatu dira ekimen solidario honetan. Halere izen-emateko deia egin dute antolatzaileek. "300 pertsona baino gehiagok eman duzue izena dagoeneko, eskerrik asko!! Baina astebete falta da oraindik izen emateak ixteko, beraz askoz hehiago izan gaitezke!!".
Ikerketarako laguntza
Andatza inguratzen duen elkartasun ekimen honen bidez, herrikidea dugun Uxue Martinek duen Phelan-McDermid izeneko gaixotasun arraroa ezagutarazi nahi dute, sentsibilizatu eta eritasun honen ikerkuntza sustatzeko laguntza bildu.
"Phelan-McDermid Sindromea, edo 22q13 kromosomaren gabetzea, gure herriko Uxue txikiak duen gaixotasun arraroa ezagutarazteko antolatu dugu Andatza mendian zehar ibiliko den mendi lasterketa hau. Gure helburu nagusia gaixotasun honen sentsibilizazioa da, baina sindromearen ikerketarako ere ahalik eta laguntza gehiena eman nahiko genuke. Hori dela eta, bai korrika bai dortsal solidarioaren bidez, ekitaldi honetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Opariak zozketatuko ditugu lasterketa amaitzean, parte-hartzaile guztien artean!".
3. Uxue Trail
Ekainak 18, igandea
9:00 Trail luzea (20 km): https://labur.eus/pfQ4V
9:15 Trail motza (11,5 km): https://labur.eus/K7c5B
10:00 Paseoa (5,5 km): https://labur.eus/Yw7vt
Dortsal solidarioa: diru ekarpena egiteko aukera.
Izen-ematea: ekainaren 16ko gaueko 22:00k arte kronoak.com atarian.
Informazio gehiago: 22q13.org.es