Gidabaimena euskaraz ateratzeko gonbita

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 8a, 10:22

Gidabaimena euskaraz ateratzeko gonbita jasotzen ari dira egunotan, aurten 18 urte beteko dituzten gazteek.

18 urte bete eta gazte askoren erronketako bat, gidabaimena eskuratzea izaten da. Euskaraz eskura daiteke, bai behintzat zati teorikoa eta horretan eragiten dihardute 2010. urteaz geroztik Buruntzaldeko udalek, tartean Usurbilgoak. Ordutik, 18 urtetik gorako 1.252 lagunek atera dute ibilgailuan joan etorriak egiteko baimena. 60 izan ziren iaz.

Gidabaimena eskualdeko autoeskoletan euskaraz eskuratzearen truke, zati teorikorako dirulaguntza eskaintzen dute, gehienez 400 euro. Urtero, egitasmo honekin bat egiten duten autoeskolekin lankidetzan zozketa egiten dute. Udalerri bakoitzean dauden autoeskola kopuru adina gazte saritzen dituzte. Aurtengoa, urte hasieran egin zuten, 2022an eremu honetan euskararen aldeko apustua egin zutenen artean.

Sektore hau euskalduntzeko eskualdeko udalen kanpainak bigarren ahalegina egiten du urte garai honetan, ekaina aldera. 18 urte bete dituzten herrian erroldaturiko gazteei gidabaimena haien ama-hizkuntzan, euskara prestatu eta gainditzeko gonbita jasotzen ari dira egunotan etxeko postontzian. Modu horretan, aurtengo kanpainari ekin diote Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalek, eskualdeko hainbat autoeskolekin batera, "Gidabaimena=gaztelania? Baztertu aurreiritziak eta hautsi inertziak! Prestatu ezazu gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz" aldarripean.

Aurten gidabaimena euskaraz ateratzen dutenen artean, 2024an 400 euro inguruko zortzi sari zozketatuko dituzte Buruntzaldeko udalek, Usurbilgoak berri eman duenez. Adi, horretarako, egitasmo honetan parte hartzen duten autoeskola hauetako batean matrikulatu beharko duzue:
-Andoainen: Bengoetxea.
-Hernanin: Hernani, Lagunak eta Otamendi.
-Lasarte-Orian: Mugica.
-Urnietan: Solozabal.
-Usurbilen: Solozabal.