DA Kolektiboaren lanaren aurkezpena gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 9a, 07:20

Munduan barrena egindako bidaia baten harira lau hitz edo kontzeptuetatik sortutako lan kolektiboa. Horixe da hain zuzen, DA. Ezohiko formatuan aurkezturiko arte diziplina ezberdinak batzen dituen talde baten sortze lanen bilduma. Ostiral honetan, ekainaren 9an, 19:00etan aurkeztuko dute jendaurrean Potxoeneako Urdintxo aretoan.

Sorkuntza lan honi buruzko xehetasunak eskaini dizkio NOAUA!ri bere sustatzaile nagusi Zorione Mendez herrikideak. Duela sei urte Europan eta Asian barrena eginiko bidaian bururatu zitzaion ideia. “Hemengo jendearen gertutasuna behar nuen”. Lau kontzeptu hautatu zituen: sekretua, fantasia erotiko edota sexuala, bizipen bat eta amets bat. Horietatik abiatuta etxekoak, lagunak, bidaian zehar ezagututakoak, edozein arte diziplina baliatuta sortzera animatu nahi izan zituen; “lau gaiotatik bat aukeratu eta horren inguruan idatzi bat, olerki bat, esaldiren bat, collage bat, pintura lana, marrazkia…” egitera gonbidatu zituen.

Adin, jatorri edota arte diziplina ezberdinak eta horietan arituak nahiz ibili gabeak batu ditu. Jendeak “bere horretan parte hartzea nahi nuen”. 53 pertsona erakarri ditu proiektura, haietatik hamabi herrikideak edo Usurbilen bizi direnak, bidaian ezagututako hainbat lagunekin batera. Profesional hainbatek ere parte hartu dutela aurreratu digu. “Musikariek parte hartu dute, Joseba Tapiak, Niña Coyeteko Koldo Soretek, Oreka Tx taldeak, Yogurinha Borovak”. Bistan denez, denetariko lanak tartekatuko ditu liburuak; ez espero moduan, olerki edo ipuinak soilik. “Askotariko lanak daude”.

Esaterako, jatorriz txineraz idatzitako testu euskaratuak. Idatzi hainbat bere horretan argitaratzea erabaki dute. “Ez da ezer zuzendu, akats ortografikoak bere horretan mantendu dira”. Testu artean, kantak ere aurkitu ahalko ditugu, baina ez irakurtzeko, entzuteko baizik. “QR kodea sortu dugu, bandcamp-ari lotua egongo dena. Zazpi, zortzi abesti daude”. Bertan, zehaztua dute kantaren izenburua, egilea nor den, baina ez kasu guztietan. “Nahi izanez gero anonimotasunetik edo izena aipatuta sortu zitezkeen lanok”.

“Kolektibotik denontzako izatea nahi dut”
Eduki aldetik soilik ez, diseinuari dagokionean, beltz koloreko forma karratu txikiko bilduma izan arren, “nahiko koloretsua da. Orrialde bakoitzean sorkuntza lan bat egongo da”. Ez da ohiko erritmoan, hurrenkeran, orriz orri irakurri beharreko argitalpen bat. “Aurrera eta atzera” ibiltzeko liburuxka da, “formatu txikikoa. Auto opari bat izenez, eramangarria izatea nahi nuen”.

Lana eskurartean izanda, “auto oparitik sortu zena, kolektibotik denontzako izatea nahi dut ”. Ehun bat ale argitaratuko dituzte Dortoka inprentarekin. Parte hartu dutenei ale bat oparituko zaio. Soberan daudenak “kolektibo, liburutegi eta abarretan” banatuko dituzte, doan “eta kolektibotasun horretatik”. Argi du Zorionek, “ez dugu etekinik aterako”.

Astebete barru Potxoenean aurkeztuko duten argitalpenak Usurbilgo Udalak kultur sorkuntza sustatzeko argitaraturiko dirulaguntza jaso du. Ekainaren 9ko ekitaldia “ezohiko formatuan” egingo dela iragarri du Mendezek. Lau instalakuntza jarriko dituzte Potxoenean, sorkuntza lan honen abiapuntu izan diren lau kontzeptuei lotutakoak. Saioa Zorionek berak eta egitasmo honen bidelagun izan duen Gimenak bideratuko dute.