"Auto-opari" izan zitekeena, talde lanetik opari bihurtu "DA"

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 10a, 12:34

"DA" kolektiboak Usurbilgo Udalaren sorkuntza lanetarako dirulaguntza jaso duen argitalpen berezia aurkeztu du Potxoenean.

Aurkezpen ekitaldi berezi baten lekuko izan gara ostiral honetan Potxoenean. "DA" izenez ezagutzera eman duten kolektiboak landutako liburua aurkeztu dute. Egitasmoak Usurbilgo Udalak kultur sormenerako bideraturiko dirulaguntzetako bat jaso du.

"DA" kolektiboaren sorkuntza lana liburu bat da, liburu berezi bat; ikusi, ukitu eta entzun daitekeen argitalpena. Ohiko modu jarraitu batean orriz orri eskaintzen diguna jaso dezakegu, atzekoz aurrera joan, edo atal batetik aurrerago dagoen beste batera jauzi egin.

Ipuinak, olerkiak, idatziak, abestiak (QR kodeen bidez entzungai), margolanak, argazkiak, collage-ak... aurki ditzakegu. Sortze lan hauen guztien atzean, egile ezezagunak, profesionalak edota zaletuak daude; 54 guztira, adin eta jatorri ezberdinetakoak, hainbat herrikide tartean.

Aurkezpen gidatua
Egitasmoaren sustatzailea Zorione Mendez izan da. Aurkezpen ekitaldirako guztiz itxuraldatu zuten Potxoenean azaldu zuenez, duela sei urte Asian eta Europan barrena egindako bidaia batean bururatu zitzaion ideia. "Auto-opari" bat egin nahi zion bere buruari, bere gertuko eta ezagunen sortze lan ezberdinekin halako bildumatxo bat osatu. Azkenean, ordea, talde lanak "DA" izeneko kolektiboaren forma hartu eta hitzordu honetan azaltzen zuenez, kolektibitate horretatik opari bilakatu dute proiektu hau. 100 ale argitaratu dituzte, parte hartzaileen eta gertukoen artean banatzeko.

Hain zuzen, Mendezek bertan parte hartu duten sortzaile guztiei lau kontzeptu proposatu zizkien: ametsa, bizipena, fantasia erotiko-sexuala, eta sekretua. Hauetako bat aukeratu eta sorkuntza lan bat bideratzeko gonbita egin zien.

Aurkezpenean ere argi islatu nahi izan zuten hau guztia. Ezin egokiago atondu zuten kultur-etxeko Urdintxo aretoa. Ibilbide moduko baten bidez, egitasmo hau ikusi, irakurri, entzun edota ukitu zitekeen jarri zituzten instalakuntza berezi batzuen bidez.