Uztailaren 23ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begirako prestaketa betean dira eragile politikoak. Bart itxi dute koalizioak erregistratzeko epea. Bitartean, alderdiak hautagaitzak aurkezten ari dira egunotan. EHBilduren oinarriek koalizioak proposaturiko hautagaiak bozkatzeko aukera izan dute bart gauerdira arte. Datozen hauteskundeetarako Madrilgo Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hautagaitzak berretsi dituzte.
Gipuzkoari dagokionean, EHBilduren Kongresurako zerrendaburua Mertxe Aizpurua Arzallus herrikide eta alkate ohia izango da. Hirugarrenez aurkeztuko da hauteskundeotara. Gogoan izan, 2019ko apirila amaieran egin ziren hauteskundeotara aurkeztu zen lehen aldiz. Urte haren amaieran errepikatu egin behar izan zituzten hauteskundeak eta bigarrenez aurkeztu zen. 2019-23 legealdia osatuta, datorren uztailaren 23ko bozketa egunean ere Gipuzkoako zerrendaburua izango da Usurbilgoa. EHBilduren oinarrien %97,83ko babesa jaso du Kongresurako herrialde honetatik koalizioak osaturiko hautagai-zerrendak.
Alkate izandakoa
Madrilgo Diputatuen Kongresura joan aurretik, Usurbilgo alkatea izan zen Aizpurua 2011-2015 legegintzaldian. Tarte horretan, Udalbiltzako lehendakari izendatu zuten. Legealdi hura amaitu baino lehen, ez zuela karguan segiko iragarri zuen. Lau urte haiek igarota, aurrez lantoki zuen GARA egunkarira itzuli zen. Egunkari honetako zuzendaria izandakoa da Aizpurua; sortu zenetik,1999tik 2004ra bitartean.
Aipatu moduan, 2019az geroztik EHBilduk Madrilgo Dipuatuen Kongresuan izan duen ordezkarietako bat izan da Aizpurua.